GIPUZKOA
Gipuzkoako taxi zerbitzua hobetzeko "berehalako neurriak" eskatu dituzte ostalariek eta merkatariek
EITB MEDIA
Gipuzkoako taxi zerbitzua ez dela kalitatezkoa eta urtez urte arazoa areagotzen ari dela salatu dute, eta horrek euren negozioei kalte egiten diela. Besteak beste, arazoaren atzean taxi falta dagoela uste dute.
Gipuzkoako hotel, ostalari eta merkatariek lurralde osoan taxi zerbitzuarekin dagoen arazoa konpontzeko "berehalako neurriak" eskatu dituzte. Kalitatezko taxi zerbitzurik ez dagoela diote, besteak beste, behar adina lizentzia banatzen ez delako. Egoera honek, negozioak ez ezik, "herritar guztiak" ere kaltetzen dituela diote.
Egoeraren berri emateko, agiri bateratu bat kaleratu dute Gipuzkoako Hotelak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, Aparture Elkarteak eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak. Bertan zehaztu dutenez, Gipuzkoan erabiltzaileek ez dute bermatuta taxi zerbitzua.
Azpimarratu dute uda garaian lurralde osoan "gorabehera ugari" izan direla sektorean, eta horrek arazoa bideratzeko neurriak "berehala" hartzea" eskatzen duela. Bezeroak lan bilera batera, aireportura, afari batera edota kultur ekitaldi batera garaiz iristea bermatuko duen zerbitzua behar dela zehaztu dute oharrean.
Arazoaren atzean dauden "ertz guztiak" ez dituztela ezagutzen aitortuta, arazoa urtez urte areagotzen ari dela ere esan dute. Hori dela eta, aferan "inplikatutako alde guztiei" dei egin diete, egoera bideratzeko.