Itxi

Laneko bajak

Gizarte Segurantzak astelehenean ekingo die laneko bajak malgutzeko elkarrizketei

eitb media

Leer en Castellano

Ministerioa eta eragile sozialak gaur bilduko dira elkarrizketa mahaia osatzeko. Sindikatuek ez dute begi onez ikusi proposamena; bai, ordea, patronalak. Hainbat alderdi politikoren gaitzespena eragin du, tartean Sumarrena eta Podemosena.

Elma Saiz pasa den urriaren 3ko hitzaldian. Argazkia: EFE

Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa gaur, urriak 14, bilduko da eragile sozialekin, laneko bajen araudia aldatzeko elkarrizketa mahaia osatzeko, malguagoa izan dadin.

Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak urriaren 3an kasu eta egoera konkretu batzuetan laneko bajak malguagoak izatea proposatu zuen, zenbait lanetara itzultzeko aukera izan dezaten langileek. Araudia aldatzeko proposamen horrek, ordea, harrabotsa sortu zuen.    

Horren aurrean, Saizek baieztatu du proposamenaren helburua ez dela Gizarte Segurantzak aldi baterako bajek dakarten gastu handiak aurreztea, baizik eta "eskubideak zabaldu" eta "justizia soziala" lortzeko aurrerapausoak ematea. 

Gizarte Segurantzaren azken datuen arabera, aldi baterako bajetara bideratutako gastua % 17,6 hazi da urteko lehen zortzi hilabeteetan; zehazki, 10.422 milioi euro. 

Borja Suarez Estatuko Gizarte Segurantza eta Pentsioen idazkariaren hitzetan, laneko bajak malgutzeko proposamenak Europako 13 herrialde ditu erreferente, gisa horretako ereduren bat baitute euren baja-sisteman, Frantzia eta Eskandinaviako herrialdeak kasu. 

Sindikatuek ez dute begi onez ikusi Saizen proposamena; bai, ordea, patronalak, eta hainbat alderdi politikoren gaitzespena eragin du, tartean Sumar eta Podemosena. 

Are gehiago, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak esan du ez duela onartuko bajan dauden langileen babesa apurtzea.

CCOO eta UGT sindikatuek adierazi dute ez dutela baja malguen inguruan negoziatzeko asmorik, eta azken erreforman adostutako gaien inguruan hitz egiteko joango direla asteleheneko hitzordura. 

Antonio Garamendi CEOEko presidenteak, bere aldetik, positibotzat jo du bajan dagoen langilea lanera itzuli ahal izateko proposamena, eta "bajen eta absentismoaren" gaia jorratzearen beharraz ere hitz egin du.