LEHEN SEKTOREA
EAEko erakundeek otsailean hitzartutako dekalogoaren neurri gehienak martxan jarri gabe daude, ENBAren arabera
EITB Media
Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek lehen sektoreari babesa eta laguntza emateko 10 konpromiso onartu zituzten otsailean. Euskal Nekazarien Batasunak salatu duenez, dekalogoa alfer-alferrekoa izan da. Lantalde bat "berehala" sortzeko eskatu dute, egoerari buelta emateko.
Otsailean, sektorearen krisia salatzeko nekazarien eta abeltzainen protesten artean, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek dekalogoa aurkeztu zuten lehen sektoreari babesa eta laguntza emateko. Hain justu, 10 puntuko konpromiso agiria kaleratu eta zortzi hilabete igaro diren honetan, neurri gehienak martxan jarri gabe daudela salatu du gaur ENBA Euskal Nekazarien Batasunak.
Sindikatuak oharra kaleratu du 10 konpromisoen egoera zertan den zehaztuz. Diotenez, dekalogoa alfer-alferrekoa izan da, impasse betean. Dena dela, "lanerako eta ekarpenak egiteko prest" daudela berretsi dute, eta hala, erakundeen eta lehen sektoreko ordezkariek osatutako lantalde bat "berehala" sortzeko eskatu.
Zehatz jarrita, eta burokrazia murriztu eta sinplifikatzeko hartutako konpromisoari buruz, ENBAk esan du ez dela "inolako lanik egin". Landa-koaderno digitalaren gaiari ere ez omen diote heldu.
EAEko erakundeek ez dituzte elikagai-kateari lotutako konpromisoak aktibatu, hots, jarraipen-batzorde bat sortzea eta ustiategien errentagarritasunari buruzko aldizkako txostenak egitearekin lotutakoak. Bestalde, sindikatuak ez du "aurrerapenik ikusi" nekazaritza-lurren gaian.
Nekazarien sindikatuak "positibotzat" jo du Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak otsoa LESPRE zerrendatik kanpo uzteko eskaera, baina "kontraesankortzat" jo du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Otsoa Kudeatzeko Planaren izapidetzean aurrera egin izana. Halaber, kritikatu duenez, fauna basatiak eragindako kalteen ebaluazio integralerako lanak "ez dira hasi".
Ez dira abiatu, betiere ENBAren arabera, Nekazaritza Familiarraren Legea onartzeko eta laguntzen moduluen berrikuspena bultzatzeko izapideak. Era berean, ez dute osatu Nekazaritzako Aseguruen Mahaia eta ez da handitu nekazaritzako aseguruen finantza-laguntza.
Zerga alorrean agindutako moldaketek "harrera ona" izan dutela aitortu du ENBAk, baina indarrean sartu arte "itxaron beharko" dutela erantsi.
Azkenik, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako eta Landa Garapeneko Batzordea finkatzeko orduan "aurrerapenik ez" dagoela nabarmendu dute.
Nekazaritza sailburuak denbora eskatu du
ENBAren salaketaren aurrean, denbora eskatu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak.
Eusko Jaurlaritzan talde berria dagoela gogoratu ostean, dekalogoa aurrera eramateko asmoa dutela nabarmendu du. Ildo horretan, 2025eko aurrekontuetan neurri zehatzak agindu ditu, eta bilera bat epe motzean.