Itxi

HEZKUNTZA

Sindikatuek "abiapuntu" gisa hartu dute Nafarroako Gobernuak 2028ra arte proposatu dien hezkuntza ituna

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Hala ere, gaur-gaurkoz, ez dute bertan behera utzi Nafarroako Hezkuntza Publikoan urriaren 29rako deitutako greba.

Hezkuntzako mahai sektorialaren bilera, gaur. Argazkia: EFE

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak hurrengo hiru ikasturteetarako hezkuntza ituna proposatu die sindikatuei, hezkuntza publikoan zabalik dagoen lan gatazka bideratzeko asmoz. Proposamenak jasotzen du, besteak beste, ikastetxe publikoetako gela bakoitzeko ikasle ratioa jaistea, irakasleen lan karga burokratikoa murriztea. Sindikatuek "abiapuntu" gisa hartu dute Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren eskaintza, baina, oraingoz, eutsi egiten diote Nafarroako Hezkuntza Publikoan urriaren 29rako deitutako greba.

Hezkuntzako mahai sektorialaren gaurko bileran egin die proposamena kontseilariak sindikatuei. Horren arabera, Haur Hezkuntzako (HH) eta Lehen Hezkuntzako (LH) ratioen jaitsiera mailakatua izango litzateke 2025-2026 ikasturtetik aurrera, eta urtean 1.000 orduko irakaskuntza errefortzua ere ezarriko litzateke HHn eta LHn.

Halaber, 55 urtetik gorako irakasleei eskola orduak murrizteko aukera emango zaie.

2025-2026 ikasturtetik aurrera Nafarroako ikastetxe publikoetan ikasleen ratioa 23 ikaslera jaisteko konpromisoa hartu du, HHko bigarren zikloko lehen mailatik hasita eta modu progresiboan gainerako mailetan. Halaber, ikastetxe zaurgarrienetan gehienez ere talde bakoitzeko 20 ikasle egongo lirateke.

Sindikatuen iritziz, Hezkuntza Departamentuak proposamena mahai gainean jarri izana negoziazioetan sakontzeko "abiapuntua" da.

Edozein kasutan ere, ez dute bertan behera utzi Nafarroako Hezkuntza Publikoan urriaren 29rako deitutako greba. 

Aurrez, datorren urriaren 22an Hezkuntzako mahai sektorialaren hurrengo bilera egingo dute, jarrerak gerturatzeko helburuarekin.