Itxi

KPI

KPIaren urtebeteko tasa % 1,8ra jaitsi da irailean EAEn eta % 1,1era Nafarroan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Erregaien eta elikagaien prezioak merkatzeak eragin du tasaren jaitsiera, Estatuko Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera.

Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) urtebeteko tasa % 1,8raino jaitsi da irailean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta % 1,1eraino Nafarroan, erregaien eta elikagaien prezioen beherakadak eraginda. Azpimarragarria da olioaren eta azukrearen prezioek izan duten jaitsiera. Lurraldeka, Bizkaian % 1,9ra jaitsi da; Gipuzkoan, % 2ra; eta Araban, % 1,3ra.

Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera, abuztuko datuekin alderatuta, urtebeteko tasak zortzi hamarren egin du behera EAEn eta puntu bat Nafarroan.

Espiniako Estatuko datuei erreparatuta ere, urtebeteko tasa jaitsi egin da, kasu horretan % 1,5eraino. Aurreko hileko datua baino zortzi hamarren gutxiago da hori, eta, bereziki, erregaien eta elikagaien (batez ere, olioaren) prezioak merkatzeak eragin du jaitsiera. Iazko iraileko datuarekin alderatua, bi puntu egin du behera KPIaren tasak.

Bestalde, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, hiru hamarren jaitsi da irailean, % 2,4raino, 2022ko urtarriletik tasarik baxuena.

Hala, laugarren hilabetez jarraian egin du behera KPIak. Martxoan, apirilean eta maiatzean gora egin zuen, eta % 3,6raino igo zen tasa.

Pozik hartu ditu gaur zabaldutako datuak Espainiako Ekonomia Ministerioak, eta azpimarra berezia jarri du olioaren prezioaren beherakadan (% 2,2 egin du behera). Carlos Cuerpok zuzentzen duen Ministerioaren arabera, "Gobernuak hartutako neurrien ondorioa" da prezioen jaitsiera.