Itxi

GARRAIO PUBLIKOA

Gipuzkoako Aldundiak VTC zerbitzuei atea irekitzea aztertuko du Donostiako taxi faltak jarraitzen badu

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Donostialdeko taxi gidariei Donostian lan egitea ahalbidetuko dien araudia epe laburrean sartuko dela indarrean aurreratu du Foru Aldundiko bozeramaileak. Hori nahikoa ez balitz, ez du baztertu bestelako neurri batzuk hartzea.

Donostiako taxiak, artxiboko irudi batean. EITB Media

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du baztertu etorkizunean ibilgailu gidaridunen zerbitzua eskaintzen dutenei (Uber edo Cabify, kasu) lizentziak ematea, baldin eta Donostiako taxi eskasia konpontzen ez bada.

Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak azaldu duenez, Donostialdeko taxi gidariei Donostian lan egitea ahalbidetuko dien araudia epe laburrean sartuko da indarrean, aipaturiko arazo horri erantzuteko asmoz.

Beste neurriren bat hartu aurretik, ordea, pixka bat itxaron eta ekimenaren emaitzak aztertzearen alde egin du.

Donostian taxi zerbitzuaren arazoak jarraituko balu, Uber, Cabify eta antzeko zerbitzuei atea irekitzea aztertu beharko litzatekeela uste du Berasaluzek. "Baliteke, beste toki batzuetan ere badaude eta guk ere aztertu beharko genuke", gaineratu du.