Itxi

Enpresak

Sidenorrek baieztatu du Talgo erosi nahi duela, "osoa edo partzialki"

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Jaurlaritza prest agertu da operazioa "errazteko", enpresak Euskadin jarraitzea bermatzen badu.

Argazkia: EFE

Sidenor Euskal Herriko talde industrialak baieztatu du Talgo tren ekoizlea erosi nahi duela, dela zati bat, dela osorik.

Talgok berak Balore Merkatuaren Batzordeari (CNMV) jakinarazi dionez, Sidenorrek interesa adierazteko gutuna igorri dio gaur.

Tren fabrikatzailearen akzioek gora egiten jarraitu dute gaur. Atzo ekin zioten goranzko joerari, Jose Antonio Jainaga Talgoko presidentea enpresa erostea aztertzen ari den lehen informazioak publikatu eta gero. Hain zuzen ere, Talgoren tituluak % 4,9 hazi dira gaur, 3,64 eurora arte.

Duela bi hilabete, Magyar Vagon Hungariako taldeak 5 euro eskaini zituen akzio bakoitzeko, ekoizlearen % 100 erosteko.

Jaurlaritza, operazioa "errazteko" prest

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak positibotzat jo du "ibilbide industrial oparoa" duen Euskal Herriko enpresaburu batek Talgo erosi nahi izatea.

"Eusko Jaurlaritza prest dago operazioa errazteko, betiere proiektu industrial sendoa badu eta enpresak Euskadin jarraitzea eta enplegua bermatzea badakar", gaineratu dute.

Sidenorrek Basaurin du egoitza, altzairu berezi luzeak ekoizten ditu, eta lantegiak ditu Euskadin, Kantabrian eta Katalunian. Gainera, ordezkaritza komertzialak ditu Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan.

Talgok Ribabellosan (Araba) duen lantegian 700 langile inguruk lan egiten dute, behin-behineko langileak eta enpresa osagarriak kontuan hartu gabe. Espainiako Estatuan, 2.500 langile inguru ditu.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak esana dute Talgorentzako bazkide industrialaren bila ari direla. Ildo horretan, Imanol Pradales lehendakariak duela gutxi adierazi zuen Talgori dagokiola bazkide industrial bat bilatzea, baina Eusko Jaurlaritzak bilaketa hori erraztu eta lagundu egingo ziola.