EUSKAL INDUSTRIA
Talgok negoziazioa abiatzea erabaki du Sidenorrekin, "balizko salerosketa" baterako
EITB MEDIA
Sidenorrek joan den astean jakinarazi zuen Talgo erosteko bere asmoa. Tren ekoizlearen akzioen zati bat edo osoa bereganatzeko prest agertu zen egoitza nagusia Basaurin duen enpresa.
Talgoren administrazio kontseiluak Sidenorrek egindako "proposamena aztertu ondoren", "balizko salerosketa" baterako negoziazioak abiatzea erabaki du. Tren ekoizleak gaur helarazi dio bere erabakia Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, goizean igorritako ohar batean.
Idatziak dio "une oro, sozietatearen eta akziodunen interesak babestuko" direla, eta "negoziazioek aurrera" egin ahala, "araudiak eskatzen duena jarraituz", edozein "informazio garrantzitsu" jakinaraziko zaiola merkatuari.
Joan den astean baieztatu zuen Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak Talgo erostea aztertzen ari zirela, osorik edota zati bat, eta tren konpainiari asmoen berri eman ziotela ere jakinarazi duen.
Talgok Ribabellosan (Araba) duen lantegian 700 langile inguruk lan egiten dute, behin-behineko langileak eta enpresa osagarrietako beharginak kontuan hartu gabe. Espainiako Estatuan, 2.500 langile inguru ditu.
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak esana dute Talgorentzako bazkide industrialaren bila ari direla. Ildo horretan, Imanol Pradales lehendakariak duela gutxi adierazi zuen Talgori dagokiola bazkide industrial bat bilatzea, baina Eusko Jaurlaritzak bilaketa hori erraztu eta lagundu egingo ziola.