OSASUN GARRAIOA
La Pau enpresak Araban eta Bizkaian eskaintzen duen osasun garraio zerbitzua lizitatuko du Eusko Jaurlaritzak
Agentziak | EITB Media
Gaur egun programatutako eta larrialdietako anbulantzien zerbitzuan Bizkaian eta Araban dauden arazoak azaroaren 30erako konponduta izatea espero du Osasun Sailak.
Arabako eta Bizkaiko anbulantzietako zerbitzuan sortutako arazoak azaroaren 30erako konponduta izatea espero du Eusko Jaurlaritzak, zerbitzua berriro lizitaziora aterata eta esleipena lortzen dutenei baldintza "zorrotzagoak" ezarrita.
Gaur egun, La Pau enpresak kudeatzen ditu programatutako eta larrialdietako anbulantziak Bizkaian eta Araban. Lorea Bilbao Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta, Araba eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuan egun dauden arazoen berri emateko. Azaldu duenez, uztailaren amaieratik egoerak okerrera egin du Kataluniako enpresan eta nomina batzuk ordaintzeko arazoak izan ditu.
Sailburuordearen arabera, La Pauk zerbitzu batzuk ez ditu behar bezala eman edo, kasu batzutan, ez ditu eman eta horregatik eta kontratuan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik zigorrak ezarri dizkio Jaurlaritzak.
Bilbao sailburuordeak aurreratu du astearte honetan bilera egingo dutela Osasun Sailak eta La Pau enpresak. Halaber, bilera horretan enpresari galdetuko diote ea zerbitzua emateko baldintzak betetzen dituen eta langileen soldata igoerak ordaintzeko moduan dagoen. Horrez gain, Euskaditik alde egiteko eta Osakidetzarekin dituen kontratuak bertan behera uzteko asmoa duen ala ez argitzeko eskatuko diote.
Bilera horretan sorpresarik izan ezean, zerbitzua beste enpresa batzuek eskainiko dutela aurreratu du sailburuordeak.
Bestalde, aurrerantzean, Osakidetzak eskainiko du Gipuzkoako Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzien zerbitzua, Araban eta Bizkaian egiten den bezala. Gaur egun, enpresa pribatu batek ematen du zerbitzua Gipuzkoan.