Itxi

OSASUN GARRAIOA

Eusko Jaurlaritza eta La Pau enpresa gaur bilduko dira anbulantzia zerbitzuan dauden arazoak aztertzeko

EITB Media

Leer en Castellano

Arabako eta Bizkaiko anbulantzietako zerbitzuan sortutako arazoak azaroaren 30erako konponduta izatea espero du Eusko Jaurlaritzak, zerbitzua berriro lizitaziora aterata eta esleipena lortzen dutenei baldintza "zorrotzagoak" ezarrita.

Anbulantzia bat. Artxiboko irudia: Irekia

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta La Pau enpresaren zuzendaritzak bilera egingo dute gaur, anbulantzia zerbitzuaren arazoak aztertzeko.

Arabako eta Bizkaiko anbulantzietako zerbitzuan sortutako arazoak azaroaren 30erako konponduta izatea espero du Eusko Jaurlaritzak, zerbitzua berriro lizitaziora aterata eta esleipena lortzen dutenei baldintza "zorrotzagoak" ezarrita.

Gaur egun, La Pau enpresak kudeatzen ditu programatutako eta larrialdietako anbulantziak Bizkaian eta Araban. Lorea Bilbao Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak agerraldia egin zuen atzo goizean Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta, Araba eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuan egun dauden arazoen berri emateko. Azaldu zuenez, uztailaren amaieratik egoerak okerrera egin du Kataluniako enpresan eta nomina batzuk ordaintzeko arazoak izan ditu.

Sailburuordearen arabera, La Pauk zerbitzu batzuk ez ditu behar bezala eman edo, kasu batzutan, ez ditu eman eta horregatik eta kontratuan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik zigorrak ezarri dizkio Jaurlaritzak.

Halaber, bilera horretan enpresari galdetuko diote ea zerbitzua emateko baldintzak betetzen dituen eta langileen soldata igoerak ordaintzeko moduan dagoen. Horrez gain, Euskaditik alde egiteko eta Osakidetzarekin dituen kontratuak bertan behera uzteko asmoa duen ala ez argitzeko eskatuko diote.

Bilera horretan ezustekorik izan ezean, zerbitzua beste enpresa batzuek eskainiko dutela aurreratu zuen sailburuordeak.

Bestalde, aurrerantzean, Osakidetzak eskainiko du Gipuzkoako Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzien zerbitzua, Araban eta Bizkaian egiten den bezala. Gaur egun, enpresa pribatu batek ematen du zerbitzua Gipuzkoan.