Zerga-politika
Pradalesek bat egin du Garamendirekin eta Imazekin bankuei eta energiari ezarritako zergaren kritikan
Agentziak | EITB Media
Lehendakariaren ustez, "salmentak zergapetzea, eta ez konpainien dibidenduak, ez da eredurik onena". Repsoleko kontseilari delegatuaren hitzetan, zerga "populismo fiskala" eta "diskriminatzailea" da, eta CEOEko presidentearen esanetan, "sobera daude".
Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatu eta EAJren EBBko presidente ohiak gaur ohartarazi duenez, energia sektoreak Espainiako Estatuan egiten duen inbertsioa "minimora murriztuko da", energiaren eta findegien gaineko zerga berezia iraunkor bihurtzen bada.
"Milaka milioi euro beste herrialdeetara desbideratuko dira. Baliteke, deskarbonizatzeko zailtasuna dela eta, Espainiako sektorea hamarkada hau amaitu baino lehen desagertzea", adierazi du Imazek hainbat egunkaritan argitaratu duen artikulu luze batean.
Multinazionala beti izan da kritikoa Espainian konpainia handien arautu gabeko jardueraren gaineko % 1,2ko zergarekin, eta astelehenean jakin zen Repsolek Sinesen (Portugal) 4 megawatteko azpiegitura energetiko batean egingo duela inbertsioa, eta Espainian, berriz, 350 megawatteko elektrolisi-gaitasuna duten proiektuak egiteko zain jarraitzen dutela.
"Orain, populismo fiskalak jarduera zerga diskriminatzaile batekin zigortuko du, eta horrek inbertsio hori egitea eragozten du. Ameriketako Estatu Batuetan inbertsio energetikoarekin lehiatzea zaila bazen, kolpe horrek ezinezko egiten du", erantsi du Espainiako Gobernuak neurri hori iraunkor egiteko duen asmoari erreferentzia eginez.
Repsoleko kontseilari delegatuak uste du "inposaketa" hori "populismoaren eta demagogiaren" ondorio dela, edo, besterik gabe, "ordaindu beharreko bidesaria, Sumarrek Gobernua babesten jarrai dezan".
Repsol konpainiako gasolindegia, Bilbon. Argazkia: EFE
Era berean, Antonio Garamendi CEOEko presidenteak energia sektoreari aparteko zerga mantentzea gaitzetsi du, Espainian "milioi askoko" inbertsioak "kolokan" jartzen dituelako; eta Repsolekin, Cepsarekin eta konpainia elektriko guztiekin "bat etorri" da.
"Sobera dauden zergak dira", esan du Garamendik, prentsaren galderei erantzunez. Garamendik adierazi duenez, "fakturazioaren gainean" fakturatzen duen zerga da, "itxura batean" bi urte indarrean egon behar zuela, eta "badirudi iraunkorra egin nahi dela". "Norgehiagoka beste era batera hasi gara jokatzen", gaineratu du.
Azkenik, Imanol Pradales lehendakariak Garamendiren alde egin du, eta adierazi duenez, "salmentak zergapetzea, eta ez konpainien dibidenduak, ez da eredurik onena. Baina zerga horiek iraunkor bilakatuko balira, adostu ahal izatea eskatzen dugu, eskumen fiskal propioak ditugu eta".
Hala, Pradalesek nabarmendu du zerga horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen kontrolpean geratu behar liratekeela iraunkor egitekotan; izan ere, Kontzertu Ekonomikoak ez dio Eusko Jaurlaritzari aldi baterako tasen gaineko eskumenik ematen, bai, ordea, zerga iraunkorren gainekoa.
Pradalesek iragarri du zerga horiek arautzeko erabakiak hartzeko asmoa duela, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lanpostu asko sortzen duten sektoreak zergapetzen dituztela.