etxebizitza
Etxebizitza eta lurzoru publikoa betiko blindatzea proposatu du Espainiako Gobernuak
Agentziak | EITB Media
Etxebizitza ministroak agerraldia egin du Kongresuan, eta neurria babesteko deia egin die autonomia erkidegoei. Ohartarazi duenez, baina, Etxebizitza Legean badaude proposamena aurrera eramateko "beste tresna batzuk".
Etxebizitza eta lurzoru publikoa betiko blindatzea proposatu du Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroak, eta erkidegoei eskatu die neurria babesteko. Horrekin batera, erantsi du Etxebitza Legeak badituela "beste tresna batzuk", gaur mahai gainean jarritako ekimena bideratzeko.
Diputatuen Kongresuan egin du proposamena Rodriguezek, EH Bilduk, ERCk eta BNGk eskatuta, etxebizitza krisiari aurre egiteko hartuko dituen neurriak azaltzeko. Espainiako Gobernuaren kudeaketa defendatzeaz harago, baina, ez du neurri berririk aurkeztu. PSOEk zein herritar ordezkatzen duen ondo dakiela esan du, eta Etxebizitza Ministerioaren politikei bidean oztoporik ez jartzeko eskatu.
Erregulazioa da, ministroaren hitzetan, etxebizitzaren arloan azken urteotan egindako akatsak zuzentzeko bidea. Horregatik, etxebizitza parkea eta lurzoru publikoa blindatzea beharrezkotzat jo du. Higiezinen burbuila ekarri du gogora, "espekulazioa aregotu" zuela esateko, batetik, eta etxebizitza gehiago egiteak "prezio eskuragarrioak" ez zituela ahalbidetu nabarmentzeko, bestetik. Kredituak sustatzeko politiken ondorioz, familia asko hondoa jota eta dirurik gabe geratu zirela ere esan du.
Gaur xehetasunik eman ez badu ere, duela gutxi PSOEk ekimen bat erregistratu zuen Kongresuan, babestutako etxebizitzek kalifikazio hori betiko izatea ziurtatzeko, erkidegoek eragozteko aukerarik izan gabe. 2023ko Etxebizitza Legean sartu zuten neurria, baina Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi zuen, erkidegoen eskumenak urratzen zituelakoan.
Bestalde, Etxebizitza Legearen defentsa ere egin du bere agerraldian Rodriguezek, urtetan eman den "anomalia" bat zuzentzea ekarri duela esanez. Azaldu duenez, erkidegoek euren estatutuetan arautu zuten Etxebizitza eskumena, aurretik Konstituzioak konpetentzia hori 47. artikuluan jasota zuen arren.
Horrekin batera, kritikatu du duela urte eta erdi inguru Etxebizitza Legea babestu zuten alderdiek orain araua aldatzeko eskatzea. "Bide luzea du aurretik legeak", erantsi du.
Agindu du, era berean, Espainiako Gobernuak lurzoru publiko gehiago jarriko duela, etxebizitzak eraikitzeko. Bide horretan, gogoratu du PSOEk eta EAJk Lurzoruaren Legea dutela erregistratuta Kongresuan. "Estatuak behar duen etxebizitza parkea eraikitzea ahalbidetuko du Legeak", erantsi du.