GARRAIO PUBLIKOA
EAEko administrazio gehienak garraioa 12 urtera arte doakoa izatearen aldekoak dira
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Neurriak eragin zuzena izan dezake Euskadiko 130.362 haurrengan.
EAEko administrazio publiko gehienak garraio publikoa 12 urtera arte doakoa izatearen aldekoak dira, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Orain arte, oro har, 6 urtera arte aplikatzen da neurri hori.
Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkura asteazken honetan bildu da Gasteizen, eta, bertan, EAEko garraio publikoaren arduradunek garraio publikoaren erabilera herritarren artean sustatzen jarraitzeko hurrengo urratsak jorratu dituzte.
Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak osoko bilkuran azaldu duenez, urrats hori Euskadi osorako eredu bateraturantz hasitako bidearen baitan egin da, eta deskontuak ditu, pertsonen erabileraren eta maila sozioekonomikoaren arabera.
Sailburuak azaldu du doakotasuna 12 urtera arte zabaltzeko erabakia beharrezko neurria dela, garraio publikoan klima-aldaketaren aurkako borrokaren ardatz gisa ulertzen bada.
Neurriak zuzeneko eragina izan dezake Euskadiko 130.362 haurrengan, eta haien familiengan: 21.955, Araban; 65.025, Bizkaian eta 43.382, Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritzak 2025eko urtarriletik aurrera ezarriko du neurri hori Euskotren sozietate publikoaren bidez zuzenean lan egiten duten garraioetan —Gasteizko eta Bilboko tranbiak eta Bilbo eta Hendaia arteko tren-lineak—.
Arabako foru diputatuak, Jon Nogalesek, Arababusen abian jartzearen alde bozkatu du, eta Sonia Perez Ezquerra eta Azahara Dominguez Bizkaiko eta Gipuzkoako foru diputatuak eta Nora Abete Bilboko Mugikortasun Iraunkorreko zinegotzia ere neurria ezartzearen alde agertu dira.
Gipuzkoaren kasuan, Aldundiak bozketa egingo du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan. Neurri hori 2022. urtearen amaieratik dago ezarrita Gasteizko Tuvisa hiri-autobusen operadorean.