AEB-ko hauteskundeak
Euskal enpresak prest daude AEBrekiko estrategia aldatzeko, Trumpen garaipena ikusita
EITB Media
Iñigo Muguruza Gipuzkoako Bazkundeko buruak azaldu duenez, muga-zergak jartzen direnean, enpresek inbertsioak areagotu behar izaten dituzte herrialde horietan.
Euskal ekonomiak arretaz begiratzen die Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeen emaitzei, eta prest dago herrialde horrekiko kanpo-estrategia aldatzeko, Donald Trumpen politika ekonomikoaren aurrean.
Trumpen garaipenak muga-zergak handitzea ekar lezake, errepublikanoak aurreko agintaldian egin zuen bezala. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko 1.000 enpresak esportatzen dute erregulartasunez AEBra. Iaz, 2.737 milioi euro esportatu zituzten.
Esportazioen hirugarren helmuga da, beraz, Frantzia eta Alemaniaren ostean, baina Europako herrialdeen ahultasunaren aurrean, estatubatuarra oso merkatu garrantzitsua bilakatu da.
Era berean, euskal enpresen ezarpen handiena duen bigarren herrialdea da, Mexikoren ondoren, eta hori indartu lezake Trumpen garaipenak.
Izan ere, oraindik ondorioa zein izango den zehaztazunez jakiteko goiz den arren, enpresen kanpo-estrategiaren aldaketa ekar lezake Trumpek.
Iñigo Muguruza Gipuzkoako Bazkundeko buruaren arabera, merkatuak "gehiago ixtea" izan daiteke Trumpen garaipenaren ondorioetako bat. "Merkatu horietan salmentak lortzeko, aldatu egin behar da estrategia", beraz.
"Muga-zergak jartzen direnean, enpresek inbertsioak areagotzen dituzte herrialde horietan, eta agian ezarpen gehiago ikusiko ditugu", azaldu du Muguruzak. Egun, EAEko 137 enpresa daude AEBn.
Javier Zubia Gipuzkoako Merkataritza Ganberako zuzendari nagusiak gaineratu duenez, "enpresa egokitzen joango da", eta posible da Trumpen protekzionismo handiagoak "Estatu Batuetan enpresen ezarpen produktibo handiagoa behartzea".
Gainera, AEBko ekonomiaren hazkundeak "aukera onak ematen jarraituko die" euskal enpresei. "Logik onari jarraituta, aprobetxatzeko gai izango gara", uste du.
Espainiako burtsa, behera
AEBko burtsek gora egin duten arren, Espainiako burtsa indar handiz jaitsi da Trumpen garaipenaren biharamunean.
Julen Bollain Mondragon Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, % 10-20ko muga-zergak ezartzeak "funtsezko sektore batzuei eragingo die: autogintza, kimikogintza eta abar".
Massimo Cermelli Deustuko Unbiertsitateko irakasleak zehaztu du Europako enpresek gorabeherak izango dituztela.