lan gatazka
Goialdeko borraskaren ondorioak direla eta, bertan behera utzi dute bidaiarien garraioaren asteleheneko greba
EITB MEDIA
UGTk, CCOOk eta Garraioen Sindikatu Libreak (SLT) zehaztu dutenez, azaroaren 11ko lanuzteari bakarrik eragiten dio neurriak. Goialdeko borraskak kaltetutako herrietan "arazo gehiago" ez sortzeko eta "mugikortasuna errazteko" hartu dute erabakia.
Goialdeko depresioak Valentziako probintzian zein beste erkidego batzuetan eragindako "muturreko larrialdi egoera" dela eta, UGT, CCOO eta Garraioen Sindikatu Libreak (SLT, gazteleraz) bertan behera utzi dute bidaiarien errepide bidezko garraioan datorren astelehenerako (azaroak 11) iragarrita zuten greba. Kaltetutako eremuetan "arazo gehiago" ez sortzeko hartu dute erabakia, "errepideak nabarmen kaltetu baitira".
Ohar bidez jakinarazi dutenez, greba bertan behera utzita "mugikortasuna erraztu eta Valentzia bere onera etortzeko lanak bermatzeko baliabideak iristea" lortuko dute.
Nolanahi ere, zehaztu dute neurria "behin-behinekoa" da eta azaroaren 11ko protestari bakarrik eragingo diola.
Hori horrela, gainerako protesta egutegia bere horretan utzi dute. Hots, azaroaren 28 eta 29rako, eta abenduaren 5, 9 eta 23rako deituta dauden grebak, eta abenduaren 23tik aurrera ezarrita zuten greba mugagabea.
Azkenik, goialdeko borraskak Valentzian eragindako triskantzaren harira, 10 minutuko lanuztea (12:00etan hasita) deitu dute ostiralerako Espainiako Estatuko lan zentro guztietan, pribatu zein publiko.