Itxi

Arabako Mahastiak

'Arabako Mahastiak' izendapena sortzeko aukera zapuztu du EAEko Auzitegiak, Errioxakoaren alde eginda

EITB Media

Leer en Castellano

Errioxa Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak azaldu duenez, ostiralean emango du, ohar bidez, epaiaren edukiaren berri. Aurreratu duenez, euskal auzitegiak ontzat jo du 'Arabako Mahastiak' izendapena babestu eta inskribatzearen kontra aurkeztutako helegitea.

Aurtengo mahats bilketa jaia, Moredan. EFE.

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Errioxako jatorri izendapenari, horrek Arabako Mahastiak izenpean ardoa saltzeko aldi baterako baimenaren kontra aurkeztutako helegitean. 

Hala iragarri du Errioxa Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak, eta azaldu du bihar (azaroak 8, ostirala) emango duela epaiaren berri, ohar bidez. Aurreratu duenez, ordea, EAEko auzitegiak ontzat jo du 'Arabako Mahastiak' izendapena babestu eta inskribatzearen kontra aurkeztutako helegitea.

Luis Angel Garrido epailea buru duen Gizarte arloko Salak bere epaian bildutako txostenean, besteak beste, aipatzen da kontsumitzaileentzat nahasgarria izan daitekeela bi jatorri izendapenetako ardoak eremu geografiko berean egotea, aintzat hartuta ardoen ezaugarri enologiko berak partekatzen dituztela.

Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak kazetariei eman die kazetariei albistearen berri, ebazpenari buruzko xehetasun gehiago eman gabe. Argitu du, hori bai, bere saileko zerbitzu juridikoak ebazpena aztertzen ari direla eta ostiralean egingo dutela horren inguruko balorazio publikoa. 

Emilio Aguillo ABRA Arabar Errioxako Upategien Elkartearen presidenteak EAEko auzitegiaren argudioei erantzun die eta azaldu du Espainiako Estatuan lurralde berean azpiko izendapenak onartzen direla, hala nola, Penedesen edo Valentzian. 

Iaz EAEko Auzitegi Nagusiak eten egin zuen ardoa saltzeko Arabako Mahastiak izena erabiltzeko aldi baterako baimena, Europar Batasunak Jatorri Izendapen Babestu berriaren gaineko erabakia hartu bitartean. 

Orduan ere Errioxako Kontseilu Arautzailearen alde egin zuen Auzitegiak, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak 2022ko urrian emandako aldi baterako babes nazionalari helegitea jarrita. 

Aldi baterako baimen horrek ahalmena ematen zion Viñedos de Alava/Arabako Mahastiak enpresari etiketa hori zuten ardoak merkaturatzeko.

Ebazpen hari helegitea jarri zioten Arabako Mahastiak Deitura Babestuak nahiz ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak. 

Albisteak (2)