EAE-KO AURREKONTUAK
D'Anjou sailburua Sumar eta PPrekin bilduko da gaur, aurrekontuetarako babes bila
EITB Media
Ogasun eta Finantza sailburuak proposamen "zehatzak, bideragarriak eta errealistak" egiteko eskatu die taldeei. Ekarpenak jaso ondotik, Sailak "proposamen zehatza" aurkeztuko die alderdiei aurrekontu proiektua negoziatzen jarraitzeko asmoz.
Noël D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua Sumar eta PP alderdiekin elkartuko da gaur, astelehena, aurrekontuen akordioa zabaltzeko asmoz.
Bihar, asteartearekin, EH Bilduren txanda izango da. Vox bilera sortatik kanpo geratu da.
D'Anjouk berak Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan iragarri zuen bilera sorta. Sailburuak egoerak eskatzen duen mailan jarduteko eta proposamen "zehatzak, bideragarriak eta errealistak" egiteko eskatu zien oposizioko alderdiei.
Alderdien ekarpenak jaso ondotik, Ogasun eta Finantza Sailak zehaztu du "proposamen zehatza" aurkeztuko diela taldeei, negoziatzen jarraitzeko asmoz. "Gure helburua argia da: hitz egin eta akordioa zabaltzea", gaineratu zuen.
Gogora ekarri behar da Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE-EE) 2025erako Aurrekontuak onartzeko gehiengoa dute Eusko Legebiltzarrean.
EH Bilduk, oposizioko alderdi nagusiak, akordioetarako eskua luzatu dio Imanol Pradales lehendakariari, baina garaiak eskatzen dituen "politika eraldatzaileak garatzeko bada".
PPk eta Sumarrek, bestalde, kritikatu egin dute Jaurlaritzako goi karguen kopurua igo izana. Ingurumari horretan, Javier de Andres PPko legebiltzarkideak uste du aurrekontu-proiektuak, dagoen horretan, ezingo diela Eusko Jaurlaritzaren lehentasunei heldu.