Itxi

Lan-istripua

Behargin bat hil da Bilbon, kafetegi bateko kristalak garbitzen ari zela hiru metrotik erorita

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Ezbeharra 09:30ean gertatu da, Plaza Biribilean dagoen La Parada kafetegian. LABek salatu duenez, 55 urteko hildakoa autonomoa eta azpikontratatutako langilea zen, "behin eta berriz errepikatzen den patroia".

55 urteko behargin bat hil da gaur Bilbon, kafetegi bateko kristalak garbitzen ari zela hiru metrotik erorita.

LAB sindikatuak salatu duenez, hildakoa autonomoa eta azpikontratatutako langilea zen, "behin eta berriz errepikatzen den patroia".

Ezbeharra 09:30ean gertatu da, 55 urteko langilea Bilboko Plaza Biribilean dagoen La Parada kafetegiko kristalak garbitzen ari zela. Behargina lurrera erori da hiru metroko altueratik, eta berehala hil da.

LABek azaldu duenez, honekin "gutxienez 53 langile hil dira Euskal Herrian urte hasieratik", eta heriotza horietako 10 "altueratik izandako erorketek" eragin dituztela zehaztu du. Hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei elkartasuna eta babesa adierazi ostean, "drama berri bat" salatu du, istripuari erreferentzia eginez.

"Behin baino gehiagotan egin dugu behargin autonomoen lan-osasuneko araudiak haien babesa bermatzearen aldeko aldarriak, eta kasu honetan, gainera, hala da, kontratatzaileak prebentzio-neurriak betearazi behar baititu lan egin ahal izateko", adierazi du.

"Gobernuen kontrol faltaren, patronalaren utzikeriaren eta prekarietateak eragiten duen berme faltaren" aurka egin du LABek, "baldintza ezin hobeak sortzen dituzte eta horrelako istripu larriak behin eta berriz gertatzeko".

Sindikatuaren arabera, azken 10 urteetan, gutxienez 81 langile hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan altueratik erorita, "gehienak, eraikuntza sektorean". Mota horretako ezbeharrek "laneko heriotzen % 12,5 baino gehiago eta eraikuntzan sektoreko heriotzen arrazoi nagusia dira", esan du.

Azkenik, lan-istripu hau salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du sindikatu abertzaleak.