Itxi

Turismoa

Bilboko Udalak urtebetez eten ditu etxebizitza turistikoak ezartzeko baimenak

EITB Media

Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean pisu turistikoak arautzeko aldaketak egin bitartean, kautelaz, ez da lizentzia berririk emango.

Erabilera turistikoko etxebizitza bat. EITB Media

Bilboko Udalak urtebetez eten ditu, hiribildu osoan, etxebizitza turistikoak ezartzeko baimenak. Bizkaiko Aldizkari Ofizialak atzo, asteartearekin, jaso zuen erabakia, eta ofizialki gaur sartu da indarrean. 

Bilboko udal gobernuak urriaren 30ean hartu zuen erabakia. Ostatu turistikoen eta etxebizitza kolektiboen inguruko auzia Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotzea da helburua, eta hori egin bitartean, kautelaz, lizentzia berririk ez ematea ebatzi dute. 

EITB DATAk maiatzean bildutako datuen arabera, Bilbok 938 pisu turistiko ditu, gehienak Zazpikaleetan edo Ibaiondo barrutian daude gehienak (261), eta Abando eta Indautxu (202) daude, ondoren. Uribarri, Begoña eta Deustu-Ibarrekolanda dira zerrenda osatzen dutenak, eta etxebizitza turistikoen % 83 biltzen dituzte, guztira.

Ingurumari horretan, Auzitegi Gorenak urrian ebatzi zuenez, jabeen erkidegoek turismo-alokairuen jarduera debekatu ahal izatea babesteko, hiru bosteneko gehiengoz batzarrean hartutako erabakien bidez.

Erabakiaz galdetuta, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak esan du "errespetuz" hartu duela tokian tokiko erakundeak ebatzitakoa. Izan ere, horren ustez, "udalei dagokie erabakiak hartzea, hiri-antolamenduan dituzten eskumenei jarraiki eta duten egoeraren arabera".