Kaleratzeak Stop elkartea
Donostian etxetik botako dituzten bi maizterren "babesgabetasuna" salatu dute
Agentziak | EITB Media
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteak azaldu duenez, bi pertsona horiek "sukaldea izateko eskubidea duten logeletan baino ezin dute bizi, legeek arautzen ez dituzten urte bateko edo biko kontratuekin".
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteak bi maizter "zaurgarriren babesgabetasuna" salatu du, Donostian sukaldea izateko eskubidea duten alokairu-geletatik botako dituztelako.
Donostiako Boulevardean emandako prentsaurrekoan, Kaleratzeak Stop elkarteak adierazi du bi pertsona horiek "sukaldea izateko eskubidea duten logeletan baino ezin dutela bizi, urte bateko edo biko kontratuekin, eta indarrean dauden legeek arautzen ez dituztela".
"Donostian, gaur egun, hilean 600 eurorainoko alokairuak ordaintzen ari dira gela bakoitzeko", salatu du elkarte horretako kide Rosa Garciak, eta agerraldian egotea eskertu die Elkarrekin Podemos-IUko batzarkideei, Gipuzkoako hiriburuko EH Bilduko zinegotziei, LAB eta STEILAS sindikatuei, eta Satorralaia eta Caritas Altza-Larratxo gizarte-eragileei.
Zehaztu duenez, "Javier (57 urte ditu, eta ez du baliabiderik) eta Fernando (72 urte ditu, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin osatutako kotizazio gabeko pentsio bat jasotzen du) sukaldea izateko eskubidea duten logeletatik ateratzear daude, aldi baterako kontratuak amaituta".
"Javierren kasuan, urriaren 31rako ezarritako etxegabetze-agindu bat du, zaurgarritasun baldintzak bete eta Gizarte Zerbitzuen txostena izan arren, Donostiako Lehen Auzialdiko epaitegi batek baztertu egin baitu 8/2023 Errege Lege Dekretuak arautzen duen abenduaren 31ra arte maizter zaurgarrien etxegabetzeak eteteko eskaera", esan du. "Gela-kontratua ez duela legeak arautzen" esan omen diete.
"Azkenean, etxegabetzea bertan behera geratu da ofiziozko abokatuak jarritako helegitea ebatzi arte", nabarmendu du Garciak. Gaineratu duenez, "Javierrena apirilaren 1ean bukatutako ahozko kontratua da, eta Fernandorena, bi urtekoa, urriaren 9an".
"Biak logelako etxebizitzan erroldatuta daude, zaurgarritasun egoera egiaztatuan daude eta Groseko eta Alde Zaharreko gizarte-zerbitzuek artatzen dituzte", zehaztu du.
Kaleratzeak Stop elkarteko bozeramailearen hitzetan, "egoera onartezina da, jabe asko Estatuko Etxebizitza Legearen alokairuen mugak aplikatzetik ihes egiteko erabiltzen ari diren linbo legal batean harrapatuta baitaude".
Nos adherimos a la denuncia de @StopDesahuciosS sobre el fraude de alquileres temporales de habitaciones compartidas de uso habitual.
— EH Bildu Donostia (@ehbildudonostia) November 14, 2024
Animamos a denunciar este tipo de estos contratos realizados en fraude de ley.
Etxeak bizitzeko, ez negoziorako! pic.twitter.com/ARLFQEkNtC