AURREIKUSPEN EKONOMIKOAK
Euroguneko hazkunde aurreikuspena mantendu egin du Europako Batzordeak, eta Espainiarena % 3ra igo du
AGENTZIAK | EITB Media
Euroguneko ekonomia nagusien artean, Frantzia % 1,1 haziko da aurten, eta Italia, berriz, % 0,7. Alemaniak, ostera, hamarren bat egingo du atzera.
Europako Batzordeak aurreikuspen ekonomikoak berrikusi ditu, eta, horren arabera, euroguneko ekonomia % 0,8 haziko da aurten, azken aurreikuspenean iragarri bezala. Aitzitik, Europar Batasuneko hazkunde aurreikuspena hamarren bat jaitsi du, % 0,9raino.
Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak aurkeztu ditu gaur goizean Europako Batzordearen azken aurreikuspenak. Horren esanetan, euroguneko Barne Produktu Gordina % 1,3 haziko da 2025ean, eta % 1,6 (hiru hamarren gehiago) 2026an. Europar Batasunean, berriz, hazkundea % 1,5ekoa izango da datorren urtean, eta % 1,8koa 2026an.
Udaberrian argitaratutako aurreikuspenetan, euroguneko ekonomia aurten % 0,8 eta 2025ean % 1,4 haztea aurreikusi zuen. Europar Batasuneko herrialdeak aintzat hartuta, % 1eko hazkunde aurreikuspena egin zuen aurtengorako, eta % 1,6koa, berriz, 2025erako.
Euroguneko ekonomia nagusien artean, Espainiak izango du hazkunderik handiena (% 3), Frantziak (% 1,1) eta Italiak (% 0,7) baino handiagoa. Alemaniako ekonomiak, ostera, hamarren bat egingo du atzera.
Aurreikuspenak aurreikuspen, egoera ekonomikoaren inguruko zalantzak agerian utzi ditu Europako Batzordeak. Gentiloni komisarioak hondamendi naturalen arriskuaz ohartarazi du, eta, ildo horretan, goi-geruzetako depresio isolatuak Espainian eragindako hondamendia aipatu du.
Bestalde, inflazioari buruzko aurreikuspenak hobetu ditu Europako Batzordeak. Aurtengo urtearen amaieran, % 2,6koa izatea aurreikusten du Europar Batasunean, eta % 2,4koa, eurogunean.