Lan-eskaintza publikoa
Osakidetzak baremoa ezarri beharko dio berriro lan-eskarmentuari bere lan-eskaintza handienean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Satsek ezarritako helegite batetik dator ebazpena; izan ere, sindikatuak iritzi zion Osasun Sailak ez zuela zuzen jokatu bi prozesuak (20-21-22 Lan Eskaintza Publikoa eta ezohiko egonkortze prozesua) bakarrean batuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osasun Sailak berriro jarri beharko diola baremoa lan-eskarmentuari Osakidetzak inoiz egin duen Lan Eskaintza Publiko handienean (7.600 lanpostu).
Satsek ezarritako helegite batetik dator ebazpena, Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 1. epaitegiak arrazoia eman baitio 20-21-22 LEParen eta egonkortze prozesuaren oinarrien aurka sindikatuak aurkeztutako helegiteari.
Satseren iritziz, Osasun Sailak ez zuen zuzen jokatu bi prozesuak (20-21-22 Lan Eskaintza Publikoa eta ezohiko egonkortze prozesua) bakarrean batuta. Hain zuzen ere, salatu zuen horien oinarriak "sindikatuen ekarpenak kontuan hartu barik" diseinatu zituztela.
Hartara, Justizia Auzitegi Nagusiak sindikatuarekin bat egin du, eta ebatzi du ohiko prozesuan berdin-berdin puntuatu behar direla Osakidetzan, Gizarte Segurantzan edo hiru erkidegoetako osasun-zerbitzuetan emandako zerbitzuak, baita edozein administrazio publikotan eta EBko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere, sindikatuko iturrien arabera.
Dena den, Auzitegiak partzialki onartu du Osakidetzak lehen auzialdiko epaiaren aurka aurkeztutako apelazio-errekurtsoa, eta bertan ezarritako oinarrien baliogabetzea errebokatu du, zerbitzuen balorazioa 20 urtera eta prestakuntza 10era murrizten zituena.