Itxi

Nekazaritza

ABRAk Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dio 'Arabako Mahastiak' jatorri-izena atzera bota duen epaiari

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Auzitegietan gatazka konpondu bitartean, Arabako Errioxako Ardogileen Elkarteko 80 upategiek A marka kolektiboarekin merkaturatuko dituzte ardoak, Araban egindako ardoak identifikatzeko.

Arabako Errioxako Ardogileen Elkarteko (ABRA) ordezkariak. Irudia: EITB

Arabako Errioxako Ardogileen Elkarteak (ABRA) Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Arabako Mahastiak jatorri-izen babestua sortzearen aurka emandako epaiari.

Emilio Aguillo Arabako Mahastiak elkarteko behin-behineko presidente eta ABRAren batzarreko kideak baieztatu du elkartearen zerbitzu juridikoek kasazio-errekurtsoa jarriko dutela, "prozedura judizialean eta EAEko Auzitegi Nagusiaren epaian akatsak" antzeman dituztelako.

"Epaian akats batzuk ikusi ditugu, eta gure abokatuek uste dute ez direla bidezkoak", azaldu du Aguillok, eta Auzitegi Gorenak epai hori aztertzea beharrezkoa dela adierazi du.

Auzitegietan gatazka konpondu bitartean, ABRAko 80 upategiek A marka kolektiboarekin merkaturatuko dituzte ardoak, Araban egindako ardoak identifikatzeko, sektorearen egoera "kritikoaren" aurrean "bizirauteko" ekimen gisa.

Epaian, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Errioxa Jatorri Izena Arautzeko Kontseiluak planteatutako errekurtsoaren aldeko eta Arabako Mahastiak jatorri-izenaren aurkako epaia eman zuen.

Eusko Jaurlaritza helegitea jarriko ote duen aztertzen ari da

Bestalde, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu du aztertzen ari direla helegitea aurkeztu ala ez, eta oraindik ez dagoela "jarrera irmorik". "Hilaren 23ra arteko epea dugu, eta gure zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira, errekurtsoa jarriko dugun ala ez erabakitzeko. Baloratzen ari gara", berretsi du.

ABRAko ardogileen erabakiaren alde dauden galdetuta, bozeramaileak esan du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak emango duela Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren berri.