Itxi

Ikerlana

EAEk ez ditu emakumeen eta atzerritarren parte hartzea eta gaitasunak aprobetxatzen, txosten baten arabera

Eriz Lotina | EITB Media

Leer en Castellano

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deusto Fundazioa) Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2024ko Txostena aurkeztu du, Gasteizko Artium Museoan. Ikerlanak lehiakortasun inklusiboa sustatzeko beharra nabarmentzen du, ongizatea sortzeko.

Bi behargin lanean, kalean. Argazkia: EFE

Inklusioa, lehiakortasunaren eta ongizatearen motorra txostenaren ondorio nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoak ez dituela aprobetxatzen bertan bizi diren pertsonen jardun eta gaitasunak, bereziki, emakumeenak eta atzerritar jatorriko pertsonenak. Eta horrek oztopatu egiten du lurraldearen gizarte aurrerapena eta ekonomia garapena. Gainera, ikerlanak, SPRI Taldearen lankidetzarekin egindakoak, lehiakortasun inklusiboa sustatzeko beharra nabarmentzen du, ongizatea sortzeko.

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deusto Fundazioa) Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2024ko Txostena aurkeztu du gaur, Gasteizko Artium Museoan. Ekitaldi horretan parte hartu dute Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak.

James Wilson Orkestrako ikerketa zuzendariak azaldu duenez, emakumeen kasuan zaintza lanen banaketa oztopo bat da: "Emakume landunek egunean ia 5 ordu ematen dituzte seme-alaba adingabeak zaintzen eta gizonek, ordea, egunean 3 ordu eta erdi inguru. Antzeko zerbait gertatzen da adinekoen zaintzarekin ere".

Bestalde, atzerrian jaiotako pertsonei dagokienez, lan egiteko adinean dauden pertsonen % 17 dira eta EAEko biztanleriaren piramidearen erdi-erdian daude. Txostenaren arabera, oinarrizko lanbideetan aritzen dira, eta bertan jaiotakoekin alderatuta, % 34,3ko soldata arrakala ikusten da. Wilsonek adierazi du beharrezkoa dela pertsona horiek "prestakuntza sisteman ere integratzea, enpresen beharrekin bat etortzeko".

Susana Franco Orkestrako ikertzaile seniorrak azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak ongizate orokorreko maila handia du, baina zenbait alderdiri arreta bereziaz errreparatu behar diegu benetako ongizate inklusiboa lortzeko: "Gazteei dagokienez, soldata arrakala % 27,9koa da 25-34 urtekoen eta 55 urte eta gehiagokoen artean. Emaitza horiek eragina dute etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunetan. Hala, 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan antzemandako etxebizitza premien % 83 emantzipatu gabeko 18 eta 44 urte arteko pertsonenak ziren; pertsona horiek lehen etxebizitza eskuratu nahian dabiltza.

Egoera horri erantzuteko, Orkestrak pertsonei lan merkatuan sartzea ahalbidetuko dieten mekanismoak abian jartzea proposatzen du, esate baterako, trebakuntza programak; atzerrian eskuratutako tituluak homologatzeko prozesuak bizkortzea, migratzaileei kualifikazio handiagoko enpleguetarako sarbidea errazteko; eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea.

Orkestraren arabera, biztanleria zahartuaren eta jatorriari dagokionez askoz ere anitzagoaren konbinazioak ondorioak ditu gure lurraldearen lehiakortasunean. "Herritar guztiek lehiakortasun prozesuetan parte har dezaten sustatzea funtsezkoa da jarduera tasak handitzeko eta enpresetan belaunaldi erreleboa ziurtatzeko, baita sektore estrategikoetan talentu beharrari aurre egiteko ere", ziurtatu du Mari Jose Aranguren Orkestraren zuzendari nagusiak txostenaren aurkezpenean.

Ildo horretatik, Orkestraren presidenteak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guzti-guztien gaitasunak aprobetxatzeko deia egin du. "Aniztasunaren kudeaketa estrategikoa egiteak, adin, genero eta jatorri guztietako pertsonen gaitasunak garatzea eta pertsona horien parte hartzea erraztuko duten ekimenak bultzatuz, eragin positiboa izango du berrikuntzan, produktibitatean eta lehiakortasunean", adierazi du Ivan Martenek.