Itxi

Bigarren sorta

Eusko Jaurlaritzak 50 aurrekontu-iniziatiba proposatu dizkie oposizioko taldeei

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Noël d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak uste du oposizioarekin akordio batera heltzeko aukerarik badagoela 2025eko aurrekontuen proposamenaren harira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 50 bat aurrekontu-iniziatiba proposatu dizkie oposizioko hiru taldeei. Asmoa da horiekin guztiekin EAEko 2025eko aurrekontuen negoziaketak ahalbidetzea, baina ez du zehaztu ekimen horietako bakoitzak zenbateko kuantifikazio ekonomikoa izango duen.

Sailburua EH Bildurekin, PPrekin eta Sumarrekin bildu da asteazken honetan, bigarren bilera-sortan, hurbilketa bat aztertzeko, joan den astean oposizioarekin egindako lehen bileretan ez baitzen egon 2025eko aurrekontuak babesteko hurbilketarik.

Oposizioko bozeramaileekin batu ostean, sailburuak uste du "babesa lortzeko benetako borondatea" dagoela, eta hiru taldeei proposamen komun batzuk eta bakoitzarentzat espezifikoak diren beste batzuk proposatu dizkie.

20 gairen inguruan 52 ekimen proposatu dizkiote EH Bilduri: Hezkuntzaren, euskararen, Osasungintzaren, mugikortasunaren eta garraio iraunkorraren, pertsona kalteberen babesaren, industriaren eraldaketa energetikoaren, ekonomia errealaren laguntzaren eta Gazteriaren aldeko Herri Itunaren lehentasunen esparrua adosteari lotutakoak.

PPri, bere intereseko 19 gairen inguruko 51 ekimen jarri dizkiote mahai gainean: PPk eskatutakoekin batera, Osasungintza, Hezkuntza, Etxebizitza, familia, mugikortasuna eta garraio publikoa, trantsizio energetikoa, garapen ekonomikoa eta errotzea, merkataritza eta turismoa, besteak beste.

Sumarri 53 ekimen proposatu dizkiote, bere intereseko 20 gairen inguruan; talde horrek eskatutakoez gain, Jaurlaritzak hainbat arlo planteatu dizkie: digitalizazioa; lehen sektoreari, merkataritzari eta turismoari laguntzea; belaunaldien arteko elkartasuna; aukera-berdintasuna eta euskara, besteak beste.

Sailburuak ez du gehiago zehaztu nahi izan proposamen horiek ekarriko lituzketen ekimenak eta diru kopuruak.

Bileraren ostean, Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak esan du koalizioak hurrengo bilera batean baloratuko duela Eusko Jaurlaritzaren proposamena, eta prest agertu da eztabaida fiskala aurrekontuen eztabaidatik bereizteko, "eztabaida fiskal serio bat egitearen truke".

Bestalde, Laura Garrido Popularren bozeramaileak ziurtatu du bere taldeak "negoziatzeko borondateari" eutsiko diola akordioa lortzen saiatzeko, baina ohartarazi du Jaurlaritzak bere politikak "guztiz irauli" ezean, ez dela aukerarik izango aurrekontuetan akordio bat lortzeko.

Azkenik, Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak uste du "oso,oso aukera gutxi" daudela Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontuak babesteko akordioa lortzeko.

Sailburuak ostiralerako erantzun bat emateko eskatu die hiru taldeei, datorren astean negoziatzen jarraitzeko aukera izan dezaten, azaroaren 28an zuzenketak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Bideoak (1)