Itxi

Trantsizio energetikoa

Iberdrola eta Repsol, aurrez aurre auzitegian, 'greenwashing' leporatuta Espainian egingo den lehen epaiketan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Auzi saioa gaur abiatuko da, Santanderreko epaitegi batean. Argindar enpresak petrolio konpainia salatu zuen lehia desleiala egitea eta berez jasangarriak ez diren produktuak berdeak balira bezala saltzea egotzita.

Imaz (Repsolen kontseilari delegatua) eta Galan (Iberdrolaren presidentea). Argazkia: EITB Media

Iberdrola eta Repsol aurrez aurre izango dira gaur, ostegunarekin, Santanderreko (Kantabria) merkataritza-arloko 2. zenbakiko epaitegian argindar enpresak petrolio konpainiaren aurka salaketa bat aurkeztu du eta. Iberdrolak lehia desleiala eta publizitate engainagarria egitea egotzi dio Repsoli, eta, hala, Espainiako Estatuan greenwashinga edo ekologismoarekin itxurakeria egitearekin zerikusia duen lehen epaiketa izango da honakoa. 

Otsailean aurkeztu zuen demanda Iberdrolak. Bertan, Ignacio Sanchez Galan buru duen enpresak jasangarriak omen ziren ekimenen inguruko publizitatea egitea egotzi zion Repsoli "berez, enpresaren eskaintza erregaiak erabiltzea denean" eta bere burua jasangarritzat jotzea "enpresaren jardunaren gutxiengoa denean" —petrolioa da jardun nagusia—. 

Argindar enpresak Antonio Brufau buru duen konpainiaren hiru publizitate kanpaina eta Repsolen webgunean jasotako dozena bat erreferentzia begiz jo zituen, eta "engainagarriak" zirela salatu. Hori horrela, Ibedrolaren ustez, praktikok lehia desleiala egiten diete berez jasangarriak diren enpresei. Horren aurrean, Repsol zigortzea eta kanpainok erretiratzea eskatuko du Iberdrolak, argitaratu ziren modu bertsuan. 

Repsolek, baina, trantsizio energetikorako duen estrategia defendatuko du. Josu Jon Imaz petrolio enpresaren kontseilari delegatuak bere garaian salatu zuenez, salaketa Iberdrolaren "urduritasuna" jartzen du agerian, eta Repsolen "hazkundea mugatzea" beste asmorik ez du. 

Aurrekaririk gabeko demanda Espainian

Epaiketa Kantabriako hiriburuan izango da, bertan baitu Repsolek argindarra eta gasa merkaturatzeko egoitza. Epaia urte amaierarako edo 2025 hasierarako aterako da, iturri juridikoen arabera. 

Salaketak ez du aurrekaririk Espainiako Estatuan, greenwashinga ez baitago jasota ordenamendu juridikoan. 

AEBn, Erresuma Batuan, Alemanian edo Italian, ordea, ezarri dituzte eko-itxurakeriaren kontrako neurriak, batez ere petrolio enpresen aurkakoak. Europar Batasunean greenwashingari aurre egiteko neurriak jasotzen dituen zuzentarau bat onartu zuten otsailean, baina Espainiak ez du oraindik aplikatu.