Itxi

HEGAZKIN KONPAINIAK

179 milioi euroko isuna ezarri diete Ryanairri eta beste lau hegazkin konpainiari, abusuzko jardunbideengatik

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Kontsumo Ministerioak Ryanair konpainiari ezarri dio zigorrik handiena (107,7 milioi euro), Vueling, Easyjet, Norwegian eta Volotearen aurretik. Ryanairrek apelazio errekurtsoa iragarri du, "legez kanpoko eta funtsik gabeko" jo dituen isunen kontra.

Ryanair hegazkin konpainiaren fakturazio mahaia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Espainiako Kontsumo Ministerioak 179 milioi euroko isuna ezarri die kostu baxuko bost aire konpainiari —Ryanair, Vueling, EasyJet, Norwegian eta Volotea—, bezeroen aurkako abusuzko jardunbideengatik (kabinako maleta kobratzeagatik edo haurrei edo mendeko pertsonei laguntzeko asmoz eserlekuak elkarren ondoan erreserbatzearen truke kobratzeagatik). 

Zigorrik handiena Ryanair konpainiarentzat izan da (107,7 milioi euro), Vueling (39,3 milioi), Easyjet (29,1 milioi), Norwegian (1,6 milioi) eta Volotearen aurretik (1,2 milioi), Kontsumo Ministerioak emandako datuen arabera.

Kontsumo alorrean Estatuko Administrazio Nagusiak oso larritzat jotako zigorrei irmotasuna ematen zaien lehen aldia da. 2022ko ekainaz geroztik zigorrak ezartzeko eskumena dauka Kontsumo Ministerioak.

Halaber, abusuzko jardunbideekin jarraitzea debekatzen diete.

Zehazki, hauek dira zigortu dituzten praktikak: eskuko maleta kabinan eramatearen truke dirua kobratzea, haurrei eta mendeko pertsonei eserlekua aukeratzeagatik kobratzea eta eskudirutan ordaintzen ez uztea Espainiako aireportuetan.

Horrekin batera, bidaia txartela inprimatzearen truke kobratzeagatik zigortu dituzte, eta Ryanairren kasuan, aireportuan bidaia txartela inprimatzeagatik kobratzeagatik.

Kontsumo eta Jokoaren Idazkaritza Nagusiak duela hilabete batzuk proposatu zituen zigor zehapenak, eta, orain Kontsumo Ministerioak atzera bota ditu bost konpainia horiek jarritako gora jotzeko errekurtsoak.

Hala ere, bost konpainia horiek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete Auzitegi Nazionalean. Bi hilabeteko epean epaitegietan helegiterik aurkezten ez badute, zigorra irmoa izango da. Ryanairrek apelazio errekurtsoa iragarri du, "legez kanpoko eta funtsik gabeko" jo dituen isunen kontra. Konpainiaren arabera, Ryanairren maleta politika ontzat eman dute Espainiako eta Europar Batasuneko auzitegiek hainbat aldiz.