Itxi

Industria

Sidenorrek Talgoren % 29,9 erosteko eskaintza egin du

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

EAEko talde industrialak urrian jakinarazi zuen trenen fabrikatzailea erosteko interesa, eta orain baieztatu da eskaintza egin duela. Talgok Burtsan duen balioaren gainetik dago eskainitakoa.

Talgoren trenetako bat. EFE

Sidenorrek Talgo tren fabrikatzailearen % 29,9 erosteko eskaintza egin dio Trilantic akziodun nagusiari, EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez. Oraingoz, ez dute zehaztu zenbatekoa den eskaintza, baina bai Talgok Burtsan duen balioaren gainetik dagoela (3,38 euro akzioko).

Urrian jakinarazi zuen Jose Antonio Jainaga buru duen taldeak Talgo erosteko interesa. Ordutik negoziatzen egon dira, eta joan den astean helarazi zuen eskaintza. 

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak operazioaren alde mintzatu dira. Imanol Pradales lehendakariak berak akordioa gauzatzearen alde egin zuen, eta gobernuak "itun hori bultzatuko" zuela nabarmendu zuen. Mikel Jauregi Industria sailburuak ere operazioa babestu zuen, EAEn sustraituta jarraitzen bazuen (Ribabellosan lantegia du Talgok) eta enpleguari eusten bazitzaion (700 bat langile, EAEn bakarrik). 

Carlos Cuerpo Ekonomia ministroaren arabera, Talgo "industria enpresa kaudimendun eta nazional" batean sartzeak "epe luzerako konponbidea eta egonkortasuna" ekar zitzakeen. 

Gaur-gaurkoz, Pegaso sozietatea da Talgoren akziodun nagusia, eta konpainiaren % 40,2 du. Trilantic funtsaz gain, Abello eta Oriol familiek osatzen dute sozietate hori.