Zarata
Barakaldoko Oxinorte enpresak 11.800 euroko isuna ordaindu eta gauez hiru hilabete itxi beharko du
Agentziak | EITB media
Hala ere, konpainiak 15 egun ditu, Udalaren zigor jakinarazpena jasotzen duenetik kontatzen hasita, egokitzat jotzen dituen alegazio eta agiri guztiak aurkezteko.
Barakaldoko Udaleko (Bizkaia) Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Zaintzeko zinegotziak Oxinorte zigortzeko prozedura abiatzea onartu du. Horrela, joan den abuztutik lantegiak egiten duen zarata gogaikarriaren ondorioz, Zarata Legearen urraketa larri batengatik, fabrikak gauez hiru hilabete itxi beharko du.
Alba Delgado zinegotziak proposatutako zigorra, hasiera batean, enpresa jardueraren zati bat aldi baterako ixtean datza, hots, gaueko ordutegian (23:00etatik 07:00etara) zarata sortzen duten instalazioak hiru hilabetez itxi eta 11.800 euroko isuna ordaindu beharko du enpresak.
Udalak adierazi du, halaber, enpresak 15 egun dituela horren jakinarazpena jasotzen duenetik egokitzat jotzen dituen alegazio, agiri eta informazio guztiak aurkezteko.
Udaleko teknikariek, Eusko Jaurlaritzako langileen laguntzarekin, instalaziotik kanpo astero neurketak egin eta eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren abiarazi da prozedura.
Gainera, arazoari aurre egiteko premiazko neurriak hartzeko mozioa Udalbatzan onartu eta bi hilabetera hartu dute erabakia.
Ildo horretan, konpainiak gauez egiten duen ekoizpena bertan behera uztea zen auzokoen eskaeretako bat, eta behin baino gehiagotan salatu dutenez, abuztuaren amaieratik daude atseden hartu ezinik.
Enpresak udan mantentze-lanak egiteko geldialdiaren ondoren hasi zen arazoa. Fabrika akustikoki isolatzeko lanak egin eta berriro martxan jarri ondoren, Lutxanako bizilagunak etengabeko zarata jasaten ari dira.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak ziurtatu duenez, eskura dituzen "tresna juridiko eta legal guztiak" erabiliko dituztela "arazo honi ahalik eta lasterren bukaera emateko".