EAE-KO AURREKONTUAK
PPk osoko zuzenketa aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari
Agentziak | EITB Media
Javier de Andres Euskadiko PPren presidentearen iritziz, EAJk eta PSE-EEk EH Bildurekin lortu nahi dute akordioa.
Alderdi Popularrak ez du Eusko Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuak negoziatzen jarraituko eta osoko zuzenketa aurkeztuko dio aurrekontu proiektuari. Javier de Andres Euskadiko PPren presidentearen arabera, EAJk eta PSE-EEk nahiago dute EH Bildurekin akordioa lortu.
Buruzagi popularrak gaur goizean Bilbon egin duen prentsaurrekoan azaldu duenez, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak mahai gainean jarritako azken proposamenak ez ditu PPren eskariak asebete.
PPk Segurtasun eta Osasun sailetara diru gehiago bideratzea eskatu zuen, aurrekontu proiektuan izandako igoera orokorraren adinakoa; hau da, gutxienez, % 4,7 gehiago. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du horrelakorik onartu.
Hori dela eta, PPk osoko zuzenketa aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontu proiektuari. De Andresek adierazi duenez, ez dira islatuta sentitzen aurrekontu proiektuan eta uste du, agian, "EAJk eta PSE-EEk nahi dutena" EH Bildurekin akordioa lortzea dela.
Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) 2025erako aurrekontuak onartzeko gehiengo osoa badute ere, akordio hori zabalagoa izatea nahi dute. PPk eta Sumarrek negoziazioekin ez jarraitzea erabaki dute, eta, hortaz, orain EH Bildu da aukera bakarra.
Eusko Jaurlaritzak "penaz" hartu du PPren erabakia, baina Maria Ubarretxena bozeramaileak azpimarratu du oraindik ere alderdi bat (EH Bildu) negoziazio mahaian dagoela eta akordioa lortzeko aukerak badaudela. Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Jaurlaritza "borondate guztiarekin" eta "zintzotasunez" ari da lanean "Euskadik akordio zabalago bat merezi duelako".