EAE-KO AURREKONTUAK
EH Bildu eta Eusko Jaurlaritza aurrekontuen gainean akordioa lortzeko lanean ari dira oraindik
AGENTZIAK | EITB Media
PP eta Sumar negoziazio mahaitik altxa ostean, politika publikoek "anbizio" handiagoa izan dezaketela uste du koalizio subiranistak.
EH Bilduk "etxebizitza politika proaktiboa" aurrera eramatea eta lanbide arteko gutxieneko soldata "propioa" izatea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari 2025erako aurrekontuak babestearen truke. Negoziazioarekin "konprometituta" jarraitzen duela nabarmendu du, eta hurrengo orduak balizko akordioa lortzeko "erabakigarriak" izango direla adierazi du. PP negoziazio mahaitik altxa ostean, politika publikoek "anbizio" handiagoa izan dezaketela uste du koalizio subiranistak.
Atzo, Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramailea eta Nerea Kortajarena eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuarekin elkartu ziren aurrekontuen inguruko negoziazioekin jarraitzeko.
Koalizio subiranistak ohar bidez jakinarazi duenez, orain hobetzen saiatuko den proposamen berria helarazi zien EAJ eta PSE-EE buru dituen gobernuak. Zehazki, etxebizitza politika proaktiboa eta lanbide arteko gutxieneko soldata propio baterako akordio politikoa jarriko ditu mahai gainean EH Bilduk.
EH Bilduren arabera, hurrengo orduak "erabakigarriak" izango dira akordioa lortu ahal izateko. Gainera, uste du elkarrizketarako gune hori "baliatu" behar dela lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat negoziatzeko.
Eusko Jaurlaritzak erakusten duen "anbizio maila" giltzarri izango da EH Bilduren babesa lortzeko. Ildo horretan, hitz egiteko eta akordioa lortzeko borondatea mantentzen duela azpimarratu du.
"EAJk eta PSE-EEk PP asebetetzeko beharrik ez dutenez, politika publikoen anbizioa askoz handiagoa izan daiteke", gaineratu du.