Itxi

Aurrekontuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontu berriak izango ditu 2025ean, PPren babesari esker

EITB Media

Leer en Castellano

Alderdi Popularrak aldeko botoa iragarri du, 30 miloi euroko partidak adostu ostean. Eider Mendozak PPren babesa txalotu eta gainerako alderdi politikoekin hitz egiten jarraitzeko borondatea agertu du. EH Bilduk, berriz, osoko zuzenketa aurkeztuko duela iragarri du.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, gaur, hedabideen aurrean. EITB Media

EAJk eta PSE-EEk gutxiengoan agintzen duen Gipuzkoako foru gobernuak legegintzaldiko lehen aurrekontuak onartu ahalko ditu, PPren aldeko botoari esker. Aurten, 2023koak luzatu behar izan zituzten, babes falta zela eta.

Aurrekontuen inguruko bozketa datorren abenduaren 20ko osoko bilkuran egingo da, Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Gipuzkoako aurrekontu proiektuan hainbat ekimen sartzea lortu duela nabarmendu du Alderdi Popularrak, tartean, plan pilotu bat pertsona migratzaileak erregularizatzeko, formatzeko eta Gipuzkoan integratzeko, eta dirulaguntzak nazioarteratzeko zailtasunak dituzten enpresentzat.

PPk Gipuzkoako 2025erako aurrekontuak babestuko dituela iragarri du, "zintzotasunez eta arduragatik", eta lurraldea Bizkaia baino "egoera txarragoan" gera ez dadin. Mikel Lezama PPren Gipuzkoako batzarkide eta bozeramaileak eta Jorge Mota batzarkideak gaur goizean egin duten prentsaurrekoak adierazi dutenez, aurrekontu berririk ez izateak lurraldean izango lituzkeen ondorioak aztertu ostean erabaki dute alderdi politikoen arteko "lehia" ezin dela oztopo izan Gipuzkoak "aurrera" egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak oposizioko beste alderdiekin negoziatzen jarraitu nahi du

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak PPren babesa "berri ona" dela adierazi ostean, oposizioko gainerako alderdi politikoekin hitz egiten jarraitzeko borondatea agertu du.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, foru gobernuak proposamen "bakarra eta bateratua" aurkezteko ahalegina egin duela esan du Mendozak, oposizioko alderdiek egindako proposamenak "oso antzekoak eta osagarriak" zirela iritzita. 

Atzo oposizioko hiru alderdiekin (EH Bildu, PP eta Elkarrekin) bilerak egin zituzten, eta Mendozak azaldu duenez, elkarrekin bide bat egitekotan gelditu omen ziren. "Lehenengoa baiezkoa ematen Alderdi Popularra izan da", gaineratu du.

Hortik aurrera, "bide horretatik jarraituko dugu gainerako alderdi politiko guztiekin, ateak zabalik daude". 

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuari

EH Bilduk ez du Gipuzkoako Foru Aldundiaren datorren urteko aurrekontuak negoziatzen jarraituko eta osoko zuzenketa aurkeztuko dio aurrekontu proiektuari. Maddalen Iriarte EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramailearen arabera, "onartezina" da foru gobernuak oposizio osoari proposamen berdina egin izana, EH bildu lehen indarra dela kontuan izanda.

Hori dela eta, "aukera bat galdu" dela salatu du Iriartek.

Albisteak (1)