Itxi

Save the Children

Umeak haztearen kostua Euskadin % 13 igo da bi urtean, eta hileko 866 eurora iritsi da seme-alaba bakoitzeko

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Umeak haztearen berariazko inflazioa orokorra baino % 35,5 handiagoa da, eta eragin larria du EAEko milaka familiatan. Save the Childrenek laguntza unibertsalak 17 urtera arte luzatzea proposatu du, eta prezioen igoeren aurrean eraginkortasuna bermatuko duten politika publikoak diseinatzea.

Save the Children. EITB Media.

Euskadin, seme-alaba bat hazteko hileko batez besteko kostua 866 eurokoa izan da 2024an, hau da, 2022an baino % 13 gehiago, Save the Childrenek aurkeztutako txosten baten arabera.

Igoera hori, batez ere, etxebizitzaren (% 21) eta elikaduraren (% 25) garestitzearen ondorio da; izan ere, horiek dira kargura adingabeak dauzkaten familien erronkarik handienak, egoera ahuletan daudenenak.

Txostenak nabarmentzen du 29.000 euskal etxek baino gehiagok ezin dietela gastu horiei aurre egin, ezta diru-sarrerak oso-osorik adingabearen beharretara bideratuz ere. Gainera, Euskadiko familien % 42k (90.000 inguru) diru-sarreren erdia baino gehiago bideratzen du horretara, eta horrek arriskuan jartzen du haurren ongizatea.

Irati Alvarez Save the Children erakundearen Euskadiko Eragin Politikoko arduradunaren esanetan, "Euskadiko familien erdiek baino gehiagok ez dute diru sarrera nahikorik hazkuntzaren kostua ordaintzeko, edo zailtasunak dituzte horretarako".

Adingabeak kargura dituzten familiak, pobreziak gehien kaltetutakoak

Euskadin, seme-alabak dituzten familien % 18k dute pobrezia eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskua. Guraso bakarreko familien kasuan, kopuru hori bikoiztu egiten da, eta % 36ra iritsi. Gainera, 14 urtetik beherakoen % 10,2 mantentze-pobrezian bizi da, hau da, oinarrizko beharrak asetzeko diru-sarrera nahikorik gabe.

Beste talde batzuek hobekuntzak izan dituzten testuinguru batean, haurrak dituzten etxeak dira oraindik ere gehien zigortzen direnak prezioen bilakaeragatik. Hazkundearen inflazio espezifikoak, etxebizitza eta elikadura diren funtsezko ondasun eta zerbitzuei eragiten dienak, %35,5ean gainditzen du inflazio orokorra, Save the Children erakundearen arabera.

Hazkuntzaren kostua, adinaren arabera

Adingabearen adinaren arabera gastuak nola aldatzen diren zehazten du txostenak. 0 eta 3 urte bitartean, hilean 674 euro bideratzen dituzte familiek kontziliaziora, etxebizitzara eta elikadurara. 7 eta 12 urte bitartekoek 911 euro gastatzen dituzte gehienez, eta 13 eta 17 urte bitartekoek, berriz, 925 euro, teknologia eta aisialdi gastuek gora egin dutelako.

Politika publikoak indartzeko deia

Save the Childrenek Euskadin adingabeak hazteko laguntza unibertsalak 17 urte bete arte zabaltzea eskatu du; gaur egun, 3 urtetik beherakoentzat mugatuta daude laguntzok. Erakundeak azpimarratzen du oso garrantzitsua dela prestazioak eguneratzea, hazkuntzaren inflazio espezifiko bat kontuan hartuta, eta edozein testuinguru ekonomikotan laguntza horien nahikotasuna bermatuko duen prezio-indize bat diseinatzea.

"Funtsezkoa da politika publikoek haurrei eta haien ongizateari lehentasuna ematea, eta familiek hazkuntzaren kostu gero eta handiagoei aurre egin ahal izatea bermatzea", ondorioztatu du Alvarezek.