Itxi

ABIADURA HANDIKO TRENA

AHTaren Ezkioko edo Gasteizko lotunearen erabakia atzeratu egingo da, Aralarko zundaketekin arazoak daude eta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jose Antonio Santano Estatuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko idazkariak azaldu duenez, erabakia ez da 2025aren hasieran hartuko. Altsasu-Iruñea tartea, berriz, "askoz azkarrago" joango dela jakinarazi du.

Euskal Ya Nafarroarekin lotzeko bi alternatibak.

Jose Antonio Santano Estatuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko idazkariak aurreratu duenez, AHTa Nafarroarekin Ezkio-Itsasotik edo Gasteiztik lotzeko erabakia atzeratu egingo da, eta ez da datorren urtearen hasieran hartuko, Aralarren arazoak baitaude lur publiko eta pribatuetara iristeko, beharrezkoak diren zundaketak egiteko.

Astelehen honetan Irungo nazioarteko geltoki berriaren obretara egin duen bisitan kazetariei azaldu dienez, arazoak izaten ari dira, "lursail publiko zein pribatuetara sartzea zaila izaten ari delako".

"Aldi baterako desjabetzeen prozedura bat ezarri behar izan dugu, eta hori martxan jarri behar dugu. Zailtasunak daude eta horrek aurrera egiteko denbora gehiago behar izatea dakar", adierazi du.

Sartzeko zailtasunez gain, lanen konplexutasuna ere azpimarratu du: "200-300 metro baino gehiagoko sakoneran egin behar dira zundaketak, tunel baten balizko inpaktua eta ezaugarriak aztertu behar direlako eta horrek zailtasun handia du"

Hala, hasiera batean erabakia 2025aren hasierarako hartzea aurreikusi bazen ere, aureratu du "ez da horrela izango". "Luze joko du. Zundaketak egiteko behar den denbora hartuko dugu. Zaila da sarbideak hain konplexuak badira, baina lortuko dugu. Mezua hori da, baina denbora behar du ", berretsi du.

Santano, Irungo nazioarteko geltoki berriaren obretan. EITBren bideo batetik hartutako irudia

Altsasutik Iruñerako ibilbideari dagokionez, Santanok esan du "oso aurreratuta" daudela, eta, adierazi duenez, "laster" izango dira berriak, "tarte hori baketsua delako, adostua dagoelako, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak ibilbidea hobetzeko egindako alegazio bat onartu delako, Aralar mendilerroa gutxiago inbaditzeko".

Zehaztu duenez, Altsasu-Iruñea "bide bakarrekoa da, eta, beraz, Europako zabalerako bide bikoitzeko plataforma bihurtu behar dugu, abiadura handikoa, hori askoz azkarrago joango da".

"Eusko Jaurlaritzarekin batera hartu dugun erabakia denborarik ez galtzea da. Eraman dezagun aurrera Altsasu-Iruñea, eta beste tartean hartu behar beste denbora hartuko dugu, zundaketak egin behar ditugulako", berretsi du.

Albisteak (1)