Itxi

EITB Data

Ibilgailuen ekoizpenak gora egin du mundu mailan, baina behera Europan

EITB Media

Leer en Castellano

2023an 93,5 milioi ibilgailu sortu ziren munduan. 10etik 6 Asian egiten dira; hain zuzen ere, ekoizpena % 34 igo da han 2010etik. Europa, aldiz, indarra galtzen ari da. Tradizio handieneko bi herrialdeek, Alemaniak eta Frantziak, ekoizpenaren % 30 eta 32 galdu dute.

Irudia: EITB Media.

EITB Dataren txostenaren arabera, automobilgintzaren industria etengabe ari da hazten mundu mailan 2010etik. 2023an, 93,5 milioi ibilgailu baino gehiago eraiki ziren mundu osoan. Baina ekoizpena Asiarantz bideratzen ari da, Europaren kaltetan.

Gaur egun, munduan sortzen diren 10 ibilgailutik 6 Asian eta Ozeanian egiten dira. Ekoizpena % 34 hazi da han 2010etik, batik bat, Txinak izan duen bultzadari esker. Ibilgailu ekoizle handiena da munduan, ekoizpen osoaren % 32 bertatik ateratzen da eta zerrendako bigarrenaren (AEB) datuak hirukoizten ditu. Hain zuzen ere, Txinaren produkzioa % 65 igo da 2010etik. Indiak ere igoera nabarmena izan du (% 64).

Europaren egoera ifrentzua da. 2023an ekoitzi duen ibilgailu kopurua % 8,4 jaitsi zen, 2010. urtearekin alderatuta. Nabarmentzekoa da, batez ere, Alemaniaren eta Frantziaren beherakadak; sektore horretan tradizio handia duten bi herrialdeen ekoizpena % 30 eta % 32 jaitsi da, hurrenez hurren.

Testuinguru horretan, Espainiako Estatuko eta gure inguruko automobilgintzak irautea lortu du. 2023an, 2,5 milioi ibilgailu sortu ziren Espainiako Estatuan, 2010ean baino % 2 gehiago. Baina urte oparoagoak ere bizi izan ditu sektoreak azken hamarkadan, 2019an adibidez, 2,8 milioi ibilgailu ekoitzi ziren.

Espainiako Estatuan sortzen diren ibilgailuen % 17,6, gutxi gorabehera, Hego Euskal Herriko fabriketatik ateratzen dira. Hala ere, gure ingurunean pisu handiagoa du automobilgintzarako osagaien fabrikazioak ibilgailuen muntaiak baino.

Ibilgailu berrien erosketari dagokionez ere, Asia da azken lau urteetan gehien hazi den kontinentea, % 13 gutxi gorabehera. Kontinente horretan erosten dituzte planeta osoko autoen erdiak baino gehiago.

Ekoizpenarekin gertatzen den bezala, Txina dago auto-erosketen zerrendaren lehen postuan; izan ere, 2023an 30 milioi unitate baino gehiago matrikulatu zituzten bertan, mundu osoan saldu ziren 92,7 milioien ia herena. Europan, aldiz, autoen salmenta % 14 jaitsi zen 2023an 2019ko datuekin alderatuta; 17,9 milioi unitate matrikulatu ziren.

Europar Batasunean ekoizten diren ibilgailuen % 31 esportatu egiten dituzte. Hartzaile nagusia Erresuma Batua da, eta haren atzean daude Estatu Batuak eta Turkia.

Inportazioei dagokienez, ibilgailuak erosten dizkiogun herrialde nagusia Txina da, eta inportatutako bost ibilgailu berritik bat han egindakoa da.