Itxi

EITB Data

Matrikulatzen diren auto berrien % 60 "berdeak" dira

EITB Media

Gutxi kutsatzen duten autoen (elektrikoak, hibridoak, hidrogenoarekin dabiltzanak...) salmentaren ehunekoa % 10etik % 60ra igo da bost urtean.

Irudia: EITB Media.

Autoen salmentetan aldaketa nabarmena izan da azken aldian Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan: gutxiago kutsatzen duten autoen alde egiten ari da gizartea. Hala, 2023an erosi ziren auto berrien % 60 ibilgailu "berdeak" edo "garbiak" ziren; hau da, elektrikoak, hibridoak, hidrogenoz edo gas naturalez dabiltzanak eta PGLak.

Ibilgailu mota horren salmentak nabarmen egin du gora azken bost urteetan: 2019an % 10en bueltan zebilen bi erkidegoetan. 2023an, ostera, % 60,6koa izan zen EAEn eta % 57,7koa Nafarroan.

Igoera horretan ez du prezioak eragin handirik izan; izan ere, garestiagoak dira elektrikoak eta hibridoak.

EITB Datak hiru ibilgailu mota nagusietako (elektrikoa, hibridoa eta gasolina) 10 modelo merkeenen zenbatekoak aztertu ditu. Elektriko merkeenen batez besteko prezioa 27.700 eurokoa da. Hibridoak zertxobait merkeagoak dira, eta batez beste 18.700 € ordaindu behar dira. Azkenik, gasolinazko 10 auto merkeenen batez besteko zenbatekoa 15.000 €-koa da.

Hain zuzen ere, EITB Datak aurkitu duen auto elektriko merkeenak 17.890 euro balio du eta gasolina erregai gisa erabiltzen duten 10 modelo merkeenak baino garestiagoa da.