TXOSTENA
Alokairuaren garestitzeak Etxebiden izena emanda daudenen kopurua % 46 igoarazi du urte eta erdian
EITB MEdia
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako azterketa baten arabera, 26.000 pertsona gehiagok eman dute izena zerbitzuan 2023ko urtarrilaren eta 2024ko ekainaren artean. Jaurlaritzaren arabera, "ezohiko" hazkunde horrek Euskadiko etxebizitza merkatuaren tenkatzeari erantzuten dio.
Urtebete eta erdiko epean, 2023ko urtarriletik 2024ko ekainera bitartean, 26.000 pertsonak eman dute izena Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan alokairu publikoko etxebizitza bat eskuratzeko, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egin berri duen txosten baten arabera. % 46ko hazkundea da hori, "ezohikoa", Jaurlaritzak aitortu duenez. Igoerak ondo islatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) etxebizitza merkatuaren tenkatzea.
Are gehiago, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak uste du Etxebideren erregistroa "pixkanaka handitzen" jarraituko dutela, egoeraren ondorioz.
Azterlanak EAEn etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoaren diagnostikoa egin du eta eskatzaile berrien errealitateak jasotzen ditu. Miguel de los Toyos Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuordeak gaur aurkeztu ditu txostenaren nondik norakoak.
Horren arabera, eskatzaileen gehiengo zabal bat (% 85) emantzipatuta dago, baina zailtasunak ditu alokairu libreko hileko errenta ordaintzeko. Batez beste, alokairua ordaintzeko (690 eurokoa da batezbestekoa) diru-sarreren % 45 bideratzen dute eskatzaileek.
Gainera, izena eman dutenen erdiek baino gehiagok (% 53) ez dute inolako laguntza publikorik jasotzen, gehienbat ezjakintasunagatik. Horren aurrean, dirulaguntzen inguruko informazioa indartzeko beharra ikusi du Eusko Jaurlaritzak.
Txostenaren arabera, alokairu libreko merkatua "dinamikoa" da EAEn, eta egunero ia 11 kontratu sinatzen dira. Hala ere, gune tentsionatu gisa izendatzeko irizpideak (% 17ko garestitzea eta diru-sarreren % 30 baino gehiago etxebizitzara bideratzea) betetzen dituzten 43 udalerrietan dagoen egoerak "prezioen igoera handia ekarri du, eta batez ere klase ertainei eta kolektibo kalteberei eragiten die horrek".
Miguel de los Toyos arloko sailburuordearen hitzetan, "txostenak Jaurlaritzaren aurreikuspenak berresten ditu, eta baliagarria da, bai egoeraren erradiografia gisa, bai Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren politika publikoak optimizatzeko eta zabaltzeko gida gisa".