Itxi

Erretiroa

EAEko 160.000 langile autonomo inguruk BGAE berriak kontratatzen hasi ahal izango dute aurten

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko eredu hori Bilboko Burtsan egindako ekitaldi batean aurkeztu dute erakundeek. Bertan, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Merkataritza Ganberetako presidenteek parte hartu dute.

Langile autonomoentzako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko ereduaren aurkezpena. Irudia: Irekia

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 160.000 autonomo inguruk izenpetu ahal izango dituzte urte honetatik aurrera Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberek kolektibo horrentzat abian jarritako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (BGAE), erakunde publikoek lan egiten duten fiskalitatearen aldaketan jasotako zerga-abantaila bereziak izango dituztenak.

Langile autonomoentzako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko eredu hori gaur aurkeztu dute Bilboko Burtsan. Bertan izan dira Noel d 'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua, Mauricio Arregui Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidentea, Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea eta Olaia Arrieta Arabako Ganberako idazkari nagusia.

Ekitaldian, d 'Anjouk gogorarazi du Sailak hitzarmen bat sinatu zuela hiru merkataritza-ganberekin 2023ko abenduan, autonomoentzako gizarte-aurreikuspeneko sistema osagarri bat martxan jartzeko asmoz.

Azaldu duenez, ganberek prozesu bat egin dute aurten egitasmo horiek kudeatuko dituzten erakundeak hautatzeko (Bankoa Abanca, VidaCaixa, Caja Laboral Kutxa, Kutxabank, Mapfre eta BBVA).

Hasiera batean, aurreikusita dago egitasmo guztiak hilabete honetan bertan abiaraztea, eta PFEZan kenkaria duten ekarpenak egin ahal izango dira, erakundeetako baten izan ezik, hori datorren urtean izango baita, eta, printzipioz, horietako baldintza gehienak berdinak dira, nahiz eta sei egitasmoen artean desberdintasunen bat egon daitekeen, banku horietako bakoitzak erabakitakoaren arabera.

Aurten bertan indarrean dagoen araudia betez gero, autonomo batek 8.000 eurorainoko ekarpena egin dezake enplegu-sisteman, eta beste 5.000 euro banakakoan.

Hori aldatu egingo da 2025ean, kolektibo horrentzako pizgarriak dituen zerga-araudi berria indarrean sartzen denean; beraz, zenbateko hori 4.000 eurokoa izango litzateke langilerik gabeko autonomoen kasuan, eta 8.000 eurokoa beharginak dituztenean.

Sailburuak azaldu duenez, kolektibo horren Gizarte Segurantzako kotizazioak historikoki, batez beste, "baxuak" izan dira, eta, ondorioz, jasotzen dituzten pentsioak (1.150,94 euro batez beste) inoren konturako langileek jasotzen dituztenak baino "nabarmen txikiagoak" dira, 2.003,77 eurora iristen baitira batez beste.

Eusko Ganberen ordezkari gisa, Bilboko Ganberako presidente Jose Ignacio Zudairek nabarmendu du finantza-erakunde horiek ekimen honetan sartu izana, "langile autonomoen artean antzemandako defizit historiko bati aurre egin nahi diotelako eta kolektibo horren barruan gizarte-aurreikuspen osagarria zabaltzea edo orokortzea ere lortu nahi dutelako".

Bestalde, Olaia Arrieta Arabako Ganberako idazkari nagusiak adierazi duenez, "Zure oraina zure esku dago, zergatik ez zure etorkizuna?" izeneko ekimenaren komunikazio kanpainarekin, behargin autonomoei mezu "argia eta eraginkorra" helarazi nahi zaie.

Arrietaren ahotan, sarritan "gaurkoan eta ez biharko egunari begira" erabakiak hartzen dituen kolektiboa da, eta, beraz, ekimen honek "arreta deia" izan nahi du, "etorkizuneko ongizatea sortzen lagundu dezaten".