Itxi

ARRANTZA

Atlantikoko arrantza kuotak adosten ahalegintzeko proposamen berria aurkeztu du Europar Batasunak

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Bestalde, aurreragorako utzi du Mediterraneoko proposamena. Mediterraneoko arrantza kuoten inguruko proposamenak hautsak harrotu ditu Espainiako arrasteko arrantzaleen artean, eta arrantza egunak ez murrizten ahaleginduko dira.

Arrantza ontziak Hondarribian, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza ministroek datorren urteko Atlantikoko eta Mediterraneoko arrantza kuotak negoziatzen jarraitzen dute; akordiorik gabe, momentuz.

Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetza duen Hungariak Atlantikoan arrantzatzeko kuotak adosten ahalegintzeko proposamen berria jarri du mahai gainean. Bien bitartean, aurrerago aurkeztuko du Mediterraneo itsasorako proposamena, izan ere, arrantza egunak nabarmen murrizteko aukerak hautsak harrotu ditu Espainiako arrantzaleen artean.

Atlantikoari dagokionez, Europar Batasuneko Kontseiluak egindako proposamena "norabide onean" dagoela adierazi dute iturri diplomatikoek.

Azken proposamen hori aurkeztu aurretik, Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroak atzo esan zuen negoziazioak "ondo" bidean dabiltzala. Hala ere, kezkatuta agertu zen zigalak Cadizeko golkoan duen egoeragatik.

Mediterraneoko arrantza kuoten inguruko proposamenak hautsak harrotu ditu Espainiako arrasteko arrantzaleen artean, eta Espainiako Gobernua arrantza egunak ez murrizten ahaleginduko da. Izan ere, proposamen hori aurrera aterako balitz, Espainiako arrasteko arrantzaleak urtean 133 egun lan egitetik 27 lan egitera igaroko dira, % 79 gutxituta.

Atzo, Luis Planas Espainiako Nekazaritza eta Arrantza ministroak "onartezintzat" jo zuen Bruselaren proposamena, eta gaineratu zuen arrasteko ontzien jarduera "bideraezina" dela.

Espainia, Frantzia eta Italia elkarlanean ari dira Mediterraneoko arrantza kuotak negoziatzen ahalegintzeko. Iturri diplomatikoen arabera, Europar Batasunak proposamen berri bat jarriko du mahai gainean, eta horren zain daude.