ARRANTZA KUOTAK
2025erako arrantza kuoten balorazio "gazi-gozoa" egin du Leandro Azkue Arrantza zuzendariak
EITB Media
Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Erakundeak batez ere iparraldeko legatzaren arrantzan % 20ko murrizketa izatea kritikatu du. Gipuzkoako Kofradien Federazioaren hitzetan, baxurako euskal flotari dagokionez "ez da aldaketa handirik izan", eta badirudi egoera aurtengoaren antzekoa izango dela.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Europar Batasuneko (EB) Arrantza ministroek 2025erako arrantza kuotak adostu berri dituzte. Orokorrean, akordioak mesede egingo dio baxurako flotari, eta kalte, alturakoari.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, datorren urteko arrantza kuoten inguruko lehen balorazioa egin du Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Horren esanetan, arrantza flotaren araberako irakurketa egin behar da; orokorrean, "baxurako flota ez da gaizki irten", baina alturako flotarentzat "albiste kezkagarria" da.
Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleek aurten baino nabarmen oilar, zapo eta txitxarro gehiago arrantzatu ahalko dute. Gainera, gutxi asko, legatzaren aurtengo kuotari eutsiko diote. Baxurako ontzien artean kaltetuenak berdela harrapatzen dutenak izango dira. Izan ere, espezie horren zaurgarritasun egoera dela eta, baimendutako kuota % 22 jaitsiko da.
Alturako ontziei (batez ere Ondarroan finkatutakoak), ostera, iparraldeko legatzaren, zapoaren, oilarraren eta bakaladaren (perlita) kuotak nabarmen murriztuko zaizkie. Arrantza zuzendariaren arabera, oraindik goiz da kuoten jaitsierak alturako arrantzaleengan izango duen eragin ekonomikoa zenbatzeko. Hala ere, onartu du arrain gutxiago merkaturatzen bada oso litekeena dela prezioa igotzea.
Bestalde, berdelaren biomasaren egoeragatik kezkatuta agertu da. Leandro Azkuek azaldu duenez, azken hiru urteetan berdelaren kuota jaitsi egin da eta aurten EAEko arrantzaleak ez dira gai izan kuota betetzeko. Hori dela eta, kuotaren jaitsierak baino gehiago arduratzen du joerak, duela urte batzuk baino berdel gutxiago iristen baita EAEko kostaldera.
Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak ohar batean azaldu duenez, arrantza-akordioaren balorazioa "ezin da positiboa izan". Oihane Agirregoitia EAJko eurodiputatuak onartu du akordioak zapore "gazi-gozoa" uzten diola euskal arrantza sektoreari, "batean bale, bestean kale" egiten duelako.
Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Erakundeko gerenteak, Mikel Ortizek, batez ere iparraldeko legatzaren arrantzan % 20ko murrizketa izatea kritikatu du.
"Zer iritzi izango lukete Bruselan funtzionarioen soldata ehuneko horretan murriztuko balitz inolako kalteordainik gabe?", galdetu du Ortizek. Bere ustez, neurri horrek "lana, diru-sarrerak eta elikagaiak murriztea" ekarriko du, eta "hemengo arrainaren ordez, inportatutakoa ekartzea" eragingo du.
Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkari nagusi Miren Garmendiak adierazi duenez, baxurako euskal flotari dagokionez "ez da aldaketa handirik izan", ezta ezustekorik ere, eta badirudi egoera aurtengoaren antzekoa izango dela.
Garmendiak ziurtatu du oso garrantzitsua dela berdel-harrapaketen mugak izan duen % 22ko jaitsiera, baina onartu du sektoreak espero zuen zerbait izan zela azken kanpainaren ondoren, ez baitira gai izan esleitutako kuota arrantzatzeko.
Horrek espezie horrekin "arazoren bat" dagoela egiaztatzen duela erantsi du, eta orain arrazoiak aztertu eta berdela berreskuratzea ahalbidetuko duten neurriak hartu beharko direla azpimarratu du.
Bestalde, txitxarro kuotaren igoerarekin arrantza gidatua egiteko aukera txalotu du Garmendiak. "Espezie hori hobetzeko joera dago, eta hori positiboa da guretzat", nabarmendu du.