Itxi

Osakidetza

LABek eta ESKk Osakidetzako LEParen ebazpenari helegitea jarriko diote, "bidegabea eta lotsagarria" delako

EITB MEDIA

Leer en Castellano

LABen iritziz, erabaki horrekin justiziak "inpunitate inguru oso arriskutsua" ezartzen du. "Inpunitateak horrela jokatzen du. Disimulurik gabe", salatu du ESKk. Bestalde, ELAk uste du erabaki judizialetik harago "premiazkoa" dela politikak aldatzea.

Azterketa. Artxiboko argazkia: EFE.

LABek helegitea aurkeztuko dio 2016-2017ko Osakidetzako LEPko azterketen ustezko filtrazioen azken ebazpenari, "bidegabetzat" jo baitu.

Gasteizko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak ostegunean iragarri zuen artxibatu egin zuela auzia, "ez baitago legez kontrako delitua egin izanaren arrazoizko zantzurik", Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzaile espezialitatean ikertutako biren kasuan izan ezik.

Sindikatu abertzaleak ohar batean, lehenik eta behin, salatzaileen "osotasuna" defendatu nahi izan du, eta Osakidetzan filtrazioak modu batera edo bestera salatu dituzten eta "sistema gaizto" horren aurrean agertu diren pertsona guztiak aitortu ditu, bereziki prozesu judizial honetan aurpegia eman dutenak.

LABek adierazi duenez, "jasan dituzten presioen jakitun dira", eta uste dute "etsigarria dela salatzaileek jasan behar izan duten erabateko babes falta bizitzea, are gehiago ikusirik ostegunean jakinarazitako ebazpenak babestu duen inpunitatea".

Hala ere, sindikatu abertzaleak uste du gaur egun LEPak "gardenagoak" direla eta "berme gehiago" dituztela. Auzia artxibatzeko erabakia epaileak azterketak aurkezteko eskariei uko egin izanari egotzi dio LABek.

Bere ustez, erabaki horrekin justiziak "inpunitate inguru oso arriskutsua" eman die Osakidetzan egindako praktikei.

Hori dela eta, helegitea aurkeztuko duela iragarri du, eta ebazpenak LABek egindako "salaketaren egiazkotasuna zalantzan jartzen ez" duela azpimarratu du. "Justiziaren funtzionamendua bera zalantzan jartzen du, baita gai horren muinera iritsi nahi izatea ere. Hori Lurralde Auzitegiak zuzendu behar du", gaineratu duenez.

Hala eta guztiz ere, helburu nagusia "lortu" dela uste du, "filtrazioak desnormalizatu" eta "sistema klientelar hori kolapsatu" egin delako.

Era berean, ESKk "lotsagarritzat" jo du auzia artxibatzea. "Inpunitatek horrela jokatzen du. Disimulurik gabe. ESKtik ebazpen judiziala aztertzen ari gara helegitea aurkezteko asmoz", iragarri du sindikatuak X sare sozialean.

Bestalde, ELA sindikatuak ohar batean uste du erabaki judizialetik harago "premiazkoa" dela osasun publikoaren inguruko politikak aldatzea.

Sindikatuaren ustez, prozesu judizial luzeak "behar bezalako bermerik ez zuen sistema opaku" bat agerian utzi dute, eta, horregatik, hautaproben politikak aldatzeko eskatu dio Osasun Sailari.

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)