HARTZEKODUNEN KONKURTSOA
Enpresa salbatzeko mahaian parte hartzeko eskatu diote Balenciaga ontziolako langileek Espainiako Gobernuari
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zumaiako Udalak eta Balenciagako zuzendaritzak onartu egin dute enpresa-batzordeak "mahai bateratu bat" osatzeko egindako proposamena, ontziolaren etorkizuna bermatuko duten konponbideak bilatzeko.
Astilleros Balenciagako (Zumaia) enpresa-batzordeak gaur Espainiako Gobernuari eskatu dio onar dezala erakunde arteko mahai batean parte hartzea, ontziola salbatuko duten konponbideak bilatzeko, hartzekodunen konkurtsoa eskatu baitu.
Balenciagako langileek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Zumaian, eta bertan jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zumaiako Udalak eta Balenciagako zuzendaritzak onartu egin dutela enpresaren etorkizuna bermatuko duten konponbideak bilatzeko "mahai bateratu bat" osatzeko enpresa-batzordearen proposamena.
Joan den astean, beharginek dei egin zieten erakunde horiei guztiei eta Espainiako Gobernuari — Ekonomia Ministerioaren, Cofidesen edo Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren bitartez —, baina gaur esan dute ez dutela erantzunik jaso.
Hori dela eta, enpresa-batzordea "haserre" agertu da Espainiako Gobernuarekin, "konpainia eta lanpostuak salbatzeko funtsezko eragilea delako".
Espainiako Gobernuak lan-mahai horretan parte har dezala eskatzeko, batzordeak elkarretaratze bat egingo du datorren asteazkenean, abenduaren 18an, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean, Donostian.
Halaber, alderdi politikoekin bilera-sorta abiatuko dutela iragarri du langileen ordezkaritzak, haien babesa lortzeko, eta Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordean hitza hartzea eskatuko dute.
Ontziolak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko eskaera egin behar izan zuen, Garapenaren Finantzaketarako Espainiako Konpainiak (Cofides) uko egin ziolako berregituraketa egitasmoari. Ontziolako beharginek azaldu dutenez, hartzekodunen konkurtsoa Merkataritza Arloko Epaitegiak onartu zain dago.