Itxi

Manifestazioa

EAEko zerga-sistema goitik behera aldatzea eskatu du ELAk Bilboko kaleetan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Mitxel Lakuntzak adierazi duenez, zerga-sistema aldatzeko "botere ekonomiko, enpresarial eta patronalei aurre egin behar zaie", eta Eusko Jaurlaritzak "ez du horrelakorik egin nahi", deitoratu du. Martxak 3.000 lagun inguru bildu ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ELA sindikatuak EAEko zerga-sistema "errotik" aldatzea eskatu du larunbat honetan Bilbon egin duen manifestazioan, sistema hori "justua" izan dadin, gehien dutenek gehiago ordain dezaten, eta euskal erakundeak "botere ekonomikoaren menpe" daudela salatu du.

Manifestazioa 11:30ean abiatu da Jesusen Bihotzetik, "Fiskalitatean ere, Madril eredu? Kapitalari zerga gehiago, iruzur fiskal gutxiago, eskubide sozial gehiago" lelopean.

Manifestariak, 3.000 inguru ELAren arabera, hiriko Gran Viatik igaro dira Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiei erreforma fiskal "bidezkoa" exijitzeko.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak euskal erakundeen politika kritikatu du, eta Imanol Pradales lehendakariari esan dio arazoa ez dela baliabideak "mugatuak" izatea, baizik eta baliabide horiek "ez direla nahikoak, herri honetan egiten ari diren politika fiskalaren ondorioz".

Buruzagi sindikalak euskal sistema fiskalak bere ustez dituen hiru arazo nagusiak aipatu ditu: "Diru gutxi biltzen dela, modu bideagabean biltzen dela eta iruzur fiskala baimentzen dela", adierazi du.

ELAk zerga sistema "goitik behera" aldatu nahi duela adierazi du, eta horretarako beharrezkoa dela "botere ekonomiko, enpresarial eta patronalei aurre egitea", Eusko Jaurlaritzak "egin nahi ez duena", deitoratu du.

Lakuntzak gogorarazi du ELAk, besteak beste, enpresek ordaintzen duten sozietateen gaineko zergan % 25eko gutxieneko tasa ezartzea eta iruzur fiskalari aurre egiteko "enpresak ikuskatzeko" konpromisoa aldarrikatzen duela.

Adierazi duenez, ELAren proposamenak EAJren eta PSE-EEren arteko erreforma fiskalaren akordioaren "kontrako norabidean doaz". Akordio horri buruz esan duenez, "berrikuspen" bat da, "kenkariak handitzea eta, batez ere, gehien dutenen egoera, enpresena eta errenta altuenena, ez ukitzea planteatzen duena".

Lakuntzak salatu duenez, "Eusko Jaurlaritza eta aldundiak botere ekonomikoaren, enpresa-boterearen eta patronalen menpe daude", eta ELAk horren aurka "indar guztiz" egingo duela ohartarazi du.


"Justizia fiskala", baita Nafarroarentzat ere

ELAk Nafarroan ere zergen politika aldatzea eskatu du ostiral honetan Iruñeko kaleetan, "justizia fiskalik gabe justizia soziala izatea oso zaila delako", Lakuntzaren hitzetan.

Manifestazioaren buruan '10 urte aldaketatik... eta noizko fiskalitatea?' leloa zuen pankarta bat eraman zuten, eta Lakuntzak adierazi zuenez, "oso kezkatuta" daude, UPN Nafarroako Gobernutik atera eta hamar urtera, "oraindik bere garaian egin zituen legeak direlako martxan jarraitzen dutenak".

Bideoak (1)