Protesta
Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa egin dute milaka lagunek Bilbon
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Etxebizitzaren sindikatu sozialistako ordezkari Karla Pisanok salatu du etxebizitzarekin batzuek egiten duten "negozioa" dela arazorik larriena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka lagun batu dira Bilbon gaur, larunbatarekin, euria "lagun" zutela, etxebizitza eskubidea berma dadila aldarrikatzeko eta horrekin askok egiten duten "negozioaren" amaiera eskatzeko.
Euskal Herriko etxebizitzaren aldeko mugimenduak deitu eta ehunka taldek eta erakundek babestu duten protesta 13:00etan abiatu da Moyuatik. Plaza inguratu ostean, Kale Nagusirantz abiatu da, eta Arriaga parean eman ditu azken urratsak.
Adin guztietako pertsonak izan dira manifestazioan, baina batez ere gazteak. "Ez dago eskubiderik", "Etxebizitza guztiontzat" eta antzeko mezuak zituzten pankartak eta kartelak erakutsi dituzte manifestariek, baita bandera palestinarrak ere.
Etxebizitzaren sindikatu sozialistako ordezkari Karla Pisanok salatu duenez, etxebizitzarekin batzuek egiten duten "negozioa da arazorik larriena".
Komunikabideen aurrean, alderdi politikoak kritikatu ditu, "etxebizitzaren negozioa sustatzeko neurriak" hartzen dituztela iritzita.
Pisanoren ustez, gisa horretako neurriek ez dute arazoa konpontzen. Horren esanetan, irtenbidea litzateke "berehalako neurriak" hartzea, negozio horrek ematen dizkien irabaziak kentzeko.