BSH Ezkirotzen itxiera
BSHri Eskirotzeko lantegia ixteko erabakian atzera egiteko eskatu diote langileek eta Nafarroako Gobernuak
Agentziak | EITB Media
Mikel Irujo eta Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko kontseilariak lantegiko zuzendaritzarekin bildu dira, baina BHSren taldeak ez die itxieraren inguruko xehetasunik eman. Beharginek protesta egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, erabakia "bidegabea eta neurriz kanpokoa" dela salatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
BSHk Ezkirotzen (Nafarroa) duen lantegiko beharginek (655 dira, guztira) eta Nafarroako Gobernuak faktoria ixteko hartutako erabakian atzera egiteko eskatu diote etxetresnen Alemaniako fabrikatzaileari. Euren ustez, enpresak "badu etorkizuna", eta jarduna eteteko erabakia "bidegabea eta neurriz kanpokoa" da.
BSH Ezkirotzen zuzendaritzak astelehenean, gutun bidez, jakinarazi zuen sei hilabete barru lantegia ixteko erabakia. Argudiatu zuenez, Nafarroako enpresa "lehiakor izateari utzi dio".
Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilaria eta Carmen Maeztu Enplegu kontseilariak bilera egin dute goizean Ezkirotzeko lantegiaren zuzendaritzarekin. Arratsaldean, ostera, enpresa batzordeko kideak Nafarroako Gobernuarekin bilduko dira.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Mikel Irujo kontseilariak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak bere ezinegona helarazi dio zuzendaritzari lantegia ixteko erabakia jakinarazteko moduarengatik eta pasa den hilabeteetan informazioa eskatu arren enpresaren erantzunik jaso ez duelako. Dena den, enpresaren etorkizunaren alde lan egiteko borondatea agertu dio.
Lantegiaren zuzendaritzaren arabera, merkatu kuotaren galera eta gehiegizko ekoizpena daude erabakiaren atzean, eta bestelako arrazoiak ukatu ditu (Nafarroako fiskalitatea, kasu). Halaber, zehaztu du aipaturiko itxierak ez diela Uharteko eta Lizarrako lantegiei eragingo.
Irujo eta Maeztu kontseilariek azaldu dutenez, itxiera saihesteko sei hilabeteko epea dute aurretik. Denbora horretan, Nafarroako Gobernuak Alemaniako multinazionalarekin hitz eta lan egingo du, lantegiak zabalik jarraitu dezan.
Nafarroako Gobernuaren ustez, bi aukera daude: BSHk bere erabakian atzera egitea edo ekoizpenari eutsiko dion inbertitzaile bat aurkitzea.
Langileen protesta
Bien bitartean, Ezkirotzeko BSH enpresako langileek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Nafarroako Parlamentuaren aurrean, erakundeei eta enpresari alternatibak aztertzeko eskatzeko.
"BSH Eskiroz ez itxi", "hau konpontzen ez bada, gerra, gerra, gerra" eta Chiviten aurkako hainbat lelo oihukatuz protesta egin dute, eta, langileez gain, EH Bilduren eta Contigo Navarraren parlamentariek ere parte hartu dute.
Juanjo Hermoso de Mendoza Enpresa Batzordearen presidenteak eta Xabi Tejero idazkariak azaldu dutenez, joan den astean egin zuten zuzendaritzarekin hiru hilean behin egiten duten ohiko bilera, eta adierazi dute ez zutela itxierari buruzko aipamenik egin. Horregatik, uste dute Gabonak baino astebete lehenago arte itxaron dutela erabakiaren berri emateko, eta ezkutuan aritu direla.
"Gure helburua garbia da: erabakiarekin atzera egitea. Neurri bidegabea eta guztiz neurrigabea dela uste dugu; izan ere, langile guztien enplegua mantentze aldera duela gutxi hitz egin genuen produkzioa apur bat handitzea zela bidea, 50.000 hozkailu egiteraino, eta orain 655 kaleratze ditugu aurrean", deitoratu du.
Enpresa-batzordearen kalkuluen arabera, balizko itxiera batek mila pertsona ingururi eragingo lieke, zuzeneko eta zeharkako enpleguen artean. "Zuzendaritzaren gizatasun eta enpatia falta nabarmendu nahi dugu, eta Nafarroako industria-sarea desegiteko egungo prozesu kezkagarriari Sunsundegiko edo Acciona lantegietan gertatutakoa ere gehitu behar zaio", gaineratu dute.