BARNE PRODUKTU GORDINA
Ekonomia % 1,8 haziko da Euskadin eta % 1,9 Nafarroan 2025ean, Laboral Kutxaren arabera
eitb media
Hazkunde horren eragile nagusia zerbitzuen sektorearen gorakada izango da, % 2tik gora haziko dela aurreikusi baitute.
Euskadiko ekonomia % 1,8 haziko da 2025ean, aurten baino hamarren bat gutxiago. Gorakada zerbitzuen sektoreak eragin du, batik bat; industria-sektoreak, baina, apaldu egin du hazkundea, Laboral Kutxaren arabera. Nafarroako ekonomiak ere gora egingo du, EAEkoa baino gehiago. Aurreikuspenaren arabera % 2,5 haziko da 2024an eta % 1,9 2025ean.
Joseba Madariaga Laboral Kutxaren Ikerketa Departamentuko zuzendariak eta Ibon Urgoiti Negozio Garapenaren arduradunak EAEko ekonomiak datorren urterako dituen aurreikuspenei buruzko txostena aurkeztu dute Bilbon. Txosten horretan jasotzen denez, 2024an eta 2025ean Euskadiko enpleguak puntu eta erdi inguruko hazkundea izango du, eta langabezia-tasa % 7,2ra jaitsiko da.
Azaldu dutenez, EAEko ekonomiak Euroguneak baino bilakaera hobea izaten ari da, baina Espainiako Estatukoak baino okerragoa. Aurreikuspenen arabera, Estatuan BPG % 2,2 haziko da 2025ean, eta aurten % 3.
Industria-sektorearen ahultasuna
Madariagak zehaztu du EAE eta Nafarroako industriak "abiapuntu txikia" duenez, datorren urtean % 2 inguru haztea aurreikusi dutela, eta, horrek inbertsioa handitzea ekarriko lukeela.
2025erako hazkundean zerbitzuen sektorea izango da suspertzaile nagusia, % 2tik gora nabarmen haziko baita, Laboral Kutxaren aurreikuspenen arabera.
Enpleguari dagokionez, aurten, EAEn enplegua % 1,6 haztea espero da eta langabezia-tasa % 7,8; hala ere, aurreikusi dute datorren urtean enplegua % 1,4 haziko dela aurreikusi dute eta langabezia-tasa % 7,2ra jaitsiko dela.
Nafarroan, enplegua % 2 haziko da aurten eta % 1,5 datorren urtean, eta langabezia-tasa % 7,9koa izango da ekitaldi honetan eta % 7,5ekoa datorren urtean, Laboral Kutxaren arabera.