Itxi

Hartzekodunen konkurtsoa

Balenciaga ontziolaren etorkizuna kolokan, gaurko bileraren atarian

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Zalantza bazegoen ere, Espainiako Gobernuaren ordezkariek parte hartuko dute ostegun honetako elkarrizketa mahaian. Hartzekodunen konkurtsoan sartu ondoren ontziola historikoaren egoera konpontze aldera erakundeak bilerak egiten ari dira egunotan.

Elkarretaratzea Espainiako Gobernuak Gipuzkoa duen Ordezkariordetzaren egoitza aurrean. EFE

Balenciaga ontziolaren egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz, ostegun arratsaldean bigarren bilera egingo da, eta, atzo ez bezala, ontziola historikoaren zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak parte hartuko dute bertan. Azkenik, zalantza zegoen arren, elkarrizketa-mahaian Espainiako Gobernuko ordezkariek ere parte hartuko dute, bai eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Zumaiako Udaleko kideek ere. Bilera arraltsaldeko 15:00etan izango da, Zumaian.

Zumaiako Udalak, Ekonomia Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cofidesek "diskrezioz" ekin zioten asteazken honetan Balenciaga ontziolaren egoerari, hartzekodunen konkurtsoan sartu baita. Bilera telematikoki egin zen, eta, bileraren ondoren, erakundeek ez zuten bileran jorratutako edukien inguruko argibiderik eman.

Indar sindikalek ziurtzat jo zuten bilera horretan ez zela Espainiako Gobernuko ordezkaririk izango; izan ere, azaldu zutenez, "erantzun ere ez" zieten egin deialdiari. Hala ere, negoziaziotik gertu dauden iturriek baieztatu dutenez, Gobernuaren Ordezkaritza egongo da, eta alde guztiek, salbuespenik gabe, "diskrezio osoz" jokatzea nahi dute, "foku mediatikoa" alde batera utzita.

Donostiako Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak Balenciaga hartzekodunen konkurtsoan ofizialki sartzea agindu zuen atzo, asteartea. Beraz, hemendik aurrera konkurtso-administratzaile batek ikuskatuko du konpainia.

Erabaki judizialak ez ditu langileak ustekabean hartu, izan ere, sindikatuek bazekiten enpresak dokumentazio guztia epaitegira bidali zuela, eta, beraz, erabakia "egun batzuetako kontua zen", azaldu du Tejerak.

Gipuzkoako ontziolak joan den azaroan eskatu zuen hartzekodunen konkurtsoan sartzea, Cofides Espainiako Garapen Finantzaketarako Konpainiak uko egin baitzion berregituraketa egitasmoari, hura saihesteko eta Zumaiako instalazioetan negozioarekin jarraitzeko.

Erabakia azaroaren 20an jakinarazi zion ontziolaren zuzendaritzak enpresa-batzordeari, zuzendaritzaren gertuko iturriek jakinarazi zutenez.