LAN GATAZKA
Gasteizko suhiltzaileek bost eguneko greba hasi dute gaur, lan baldintzak hobetu eta flota berritzea eskatzeko
EITB MEDIA
Lan batzordeak ohartarazi du Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotzi berriak, Cesar Fernandez de Landak, ez badie euren eskariei erantzuten, mobilizazioak gogortuko dituztela.
Joan den astean Agirrelandako parkean itxialdia egin ondoren, Gazteizko suhiltzaileek bost eguneko greba hasi dute gaur. Arabako hiriburuko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren (Speis) barne berrantolaketa da eskakizun nagusia, lan-baldintzak hobetuta eta flota berrituta.
Hala iragarri zuen, joan den astean, enpresa-batzordeak suhiltzaileen parkean bertan emandako prentsaurrekoan. Bertan, "Udal Gobernuak bere lan-erreklamazioekiko duen erabateko etena" salatu zuten, eta, besteak beste, eskatu zuten Agirrelandako Suhiltzaileen Parkea birmoldatzea, ibilgailuen flota berritzea eta egitura Eusko Jaurlaritzak onartutako azken legera egokitzea.
Suhiltzaileek azaldu zutenez, Gasteizko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak "egitura zaharkitua du, eta gaur-gaurkoz ezin die herritarrei behar bezalako zerbitzurik eman"; izan ere, ez dituzte suteak prebenitzeko eta itzaltzeko "beharrezko ekipo eta materialak", eta zerbitzua "noraezean" doala gaitzetsi zuten.
Suhiltzaileek ohartarazi zutenez, Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotzi berriak, Cesar Fernandez de Landak, ez badie erantzuten "duela urte batzuetatik erantzuteke dauden" eskariei, mobilizazio gehiagorekin jarraituko dute.