Kontzertu Ekonomikoa
Hurrengo hiru urteetan % 0,3koa izango da Jaurlaritzaren defizit muga, eta % 0,1ekoa, aldundiena
EITB MEDIA
Ekonomia Itunaren Bitariko Batzordeak bilera egin du astelehen honetan, eta Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera, hurrengo hiru urteetan % 0,3koa izango da Eusko Jaurlaritzaren defizit muga eta zor publikoa % 13koa. Aldundientzat, berriz, defizit muga % 0'1ekoa izango da.
Kontzertu Ekonomikoaren Bitariko Batzordea, Jaurlaritza, foru-aldundiak eta Espainiako Gobernua barne hartzen dituena, gaur goizean bildu da eta akordioa erdietsi du 2027 urte arteko defizit eta zorpetze muga zehazteko. Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera, hurrengo hiru urteetan % 0,3koa izango da Eusko Jaurlaritzaren defizit muga eta zor publikoa, % 13koa. Aldundien defizit muga, berriz, % 0,1ekoa izango da. Legealdi osorako ziurtasun ekonomiko finantzieroa bermatuta dagoela esan du Imanol Pradales lehendakariak.
Gainera, gaurko bileran hiru zerga berri hitzartu dituzte Euskadiko eta Espainiako gobernuek: Zigarro elektroniko likidoen gaineko zerga, zenbait finantza erakunderen interesen eta komisioen marjinaren gaineko zerga eta talde multinazionalentzat eta Estatuko talde handien zerga osagarria.
Bitariko Batzordean parte hartu dute, besteak beste, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak eta hiru ahaldun nagusiak, baita Estatuko Gobernuko ordezkariak ere, tartean, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren lehen presidenteorde eta Ogasun ministroa.
Bileran, aho batez, 13 akordio erdietsi dira hiru esparru nagusitan. Horien artean: Ekonomia Ituna aldatzea, Euskadiren autogobernu ekonomiko eta finantzarioa handitzeko; Euskadik hezkuntzaren arloko ezohiko zenbait zuzkiduratan parte hartzea; eta EAEko erakundeen aurrekontu-egonkortasunerako 2027ra arteko bidea ezartzea. Bide horretan foru-aldundiek defizit-helburu bereiziak izango dituzte.
Zehazki, 2025, 2026 eta 2027rako aurrekontu-egonkortasunerako bideak % 0,3ko defizita aurreikusten du Eusko Jaurlaritzarentzat; % 0,1ekoa, foru-aldundientzat eta % 13ko zor publikoa, Jaurlaritzarentzat.
Jaurlaritzak eta aldundiek azaldu dutenez, "zifra horiek bat datoz EAEko erakundeek 2025eko aurrekontuak egiteko aurreikusitakoarekin, eta estaldura ematen diete aurrekontuak diseinatzeko aurreikusitako zenbatekoei".
Euskadiren parte-hartzea hezkuntzan
Halaber, Euskadik hezkuntzaren arloko ezohiko zenbait zuzkiduratan parte hartzea adostu da, 50 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin. Programa hauetan parte hartuko du: Eskola 4.0 Kodea programan (24,2 milioiko zuzkidura); Hezkuntza-zailtasun bereziko ikastetxeetarako orientazioko, aurrerapeneko eta hezkuntza-aberasteko programan (7,1 milioi); Irakurtzeko gaitasuna indartzeko programan (2 milioi); Matematikarako gaitasuna indartzeko programan (4,3 milioi) eta Espainiako unibertsitate publikoetan irakaskuntza- eta ikerkuntza-talentua sartzeko programan (1,8 milioi).
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu dute Bitariko Batzordearen beste bilera bat egiteko, gehienez ere bi hilabeteko epean, hainbat gai konpontzeko.