Itxiera iragarpena
Ezkirotzeko BSH konpainiako 655 langileak beharrera itzuli dira gaur, ziurgabetasun betean
EITB Media
Zuzendaritzak "normaltasunez" lan egiteko eskatu die, baina multinazionalak lantegia ekainean itxi nahi duela jakinda, "ezinezkoa" dela diote beharginek. Ostiralean aldeen arteko bilera deitu du Lan Ministerioak. Alemaniako zuzendaritzak bertan izango dela baieztatu du.
BSH konpainiak Ezkirotzen (Nafarroa) duen lantegia ekainean itxiko duela iragarri ostean, gaur, asteartearekin, itzuli dira beharrera enpresako 655 langileak. Ziurgabetasun betean ekin diote berriro lanari, aldi baterako lan erregulazio espedientepean baitaude Alemaniako multinazionalak, ezustean, itxiera iragarri zuenetik.
Lan batzordeak hala eskatuta, Nafarroako zuzendaritzak azalpenak eman dizkie langileei. "Normaltasunez" lan egiteko eskatu die, baina multinazionalaren iragarpena kontuan hartuta, hori "ezinezkoa" dela nabarmendu du Sergio Ayucar enpresa batzordeko kideak.
Enpresa batzordeak Alemaniako zuzendaritza nagusiarekin negoziatu nahi du, Nafarroako zuzendaritza "shock egoeran" dagoela uste baitute. Asmo hori bera dute, halaber, Espainiako eta Nafarroako gobernuek ere.
Lehenik eta behin, multinazionalak lantegia ixteko erabakian atzera eginarazten saiatuko dira, eta hala ez bada, makinekin zer egiteko asmoa duen argitzeko eskatuko diote. 655 langileren etorkizuna dago kolokan, eta xehetasunak nahi dituzte industria plan bat jorratzen hasteko.
Ostiralean aldeen arteko bilera deitu du Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak. BSHren Alemaniako zuzendaritzak bileran izango dela baieztatu du. Gainera, Ministerioko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere izango dira. Maria Chivite presidenteak, Mikel Irujo Industria sailburuak eta Carmen Maeztu Enplegu sailburuak bileran parte hartuko dute.